M28 udal eta foru hauteskundeak

Akordio Programatikoa "zehaztugabea" eta "propaganda" dela salatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 8a, 14:20

  • Sindikatuak Akordio Programatikoaren balorazioa egin du eta interes ekonomikoen mesedeetan aurreko legegintzaldiko politikak mantenduko direla adierazi du.
  • Fiskalitate eskasa, konpromiso urria eta euskara politiketan atzerapausoak gaitzetsi dituzte. 

Akordio anbiguoa, zehaztugabea, ez nahikoa eta propagandistikoa. Horrela definitu du ELA sindikatuak PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren Akordio Programatikoa. Interes ekonomikoak lehenesten dituela eta gizartearen beharrak bigarren mailan kokatzen dituela salatu dute. Saioa Urriza ELAko eskualdeko arduradunak akordio zehaztugabea baloratu du: "planteatzen dira azterlanak, planak edo analisiak eta horiek egiteak ez du inokako hobekuntza edo aurrerapausurik ekartzen". Gaineratu duenez "baloratu, sustatu, bultzatu" bezalako esapideak erabiltzen dira eta hauek "propaganda hutsa besterik ez dira". 

Akordioa gizartearen pobretze une batean iritsi dela azpimarratu du ELAk. Erosahalmenaren jaitsierak, inflazioak eta alokairu eta hipoteken igoerak baldintzatutako testuingurua aintzat hartu gabe egindako proposamena dela adierazi dute. Izan ere, "behar sozial gehiago ekarriko ditu egoera honek eta akordioak ez ditu asetuko". Etorkizunean aurreko legegintzaldiko politikak mantentzearen eragina nabarmendu du Imano Pascual ELAko Nafarroako koordinzatzaileak. 

Akordio Programatiko honek "uko egiten dio erreforma fiskal bat aurrera eramaterari, eta gure ustez, oso berri txarra da, Nafarroan dugun fiskalitatea bidegabea eta ez nahikoa da", adierazi du Pascualek. Sindikatuaren iritiz akordio honen baitan gertatuko dena da "2027an izango Nafarroan 2015 Barcinak utzitako fiskalitate berdina" izango dugula da. Hartara, fiskalitate eskasa eta bidegabea mantenduko dela diote.

Politika sozial eta ekonomikoei dagokienez, jarraikortasun argia badago ere, euskarari dagokionez atzerapausoak daude. Zonifikazio linguistikoa mantentzearen aurka agertzeaz gain, sindikatuak kritikatu du Euskararen II. Plan Estrategikoa egiteko konpromisoa 2019. urtearekin alderatuta desagertu izana. 1986ko Euskararen Legean oinarritzen da eta beraz, hurrengo lau urteetan ere Nafarroan zonifikazioa mantenduko da. 

Interes ekonomikoen lehenestea, fiskalitate eskasa, konpromiso urria, Madrilgo aurrekontuen kudeaketa eta euskararen zonifikazioa gaitzetsi ditu ELAk, besteak beste. Sindikatuak ondorioztatu duenaren arabera, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren lehentasuna kontseilarien banaketa izan da, eta ez Nafarroaren gizartearen onura ekarriko duen eduki bat sortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!