34 urteren ostean pertsiana jaitsiko du Igela Argitaletxeak. "Lagunok, bukatu da" hasi da euskararentzako albiste txarra ekartzen duen agiria. Bertan azaldu dutenez "Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute".
2023 urtean zehar argitaratzear zituzten bost lanak eskuragarri jartzeko "konpromisoa onartu dute, itzultzaileek hala nahi izanez gero" zehaztu dute. Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernauxen liburuak dira.
Esker oneko hitzak izan ditu Lander Majuelo editoreak berak sinatutako prentsa-oharrean: "argitaletxe bat lagunez da osatzen". "Urteotan" Igela "punpeziaz lagundu gaituzuen guztioi" eskerrak eman dizkiete haien artean "itzultzaileei, ilustratzaileei, gibelsolasen idazleei, maketatzaile eta diseinatzaileei, zuzentzaileei, Itxaropena inprentako lagunei, liburu-saltzaile eta liburuzainei, beste argitaletxeetako kideei, musutruk alboan izan zaretenei eta bereziki zuei, irakurleei, zuek baitituzue gure liburuak sufritu eta gozatu".
34 urtez izan da Igela euskal literaturaren eta euskal itzulpengintzaren "etxe ttipi bat" dio oharrak eta "etxe ttipi berriak eraiki beharko dira, beraz".