EH Bilduren alkategaiak azaldu du dagoeneko indar aurrerakoiekin aldebiko bileren bigarren errondari ekin diola eta asteazkena baino lehen aurreikusten duela PSNrekin biltzea, bigarren txanda hori osatzeko.
Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak Joseba Asironen alkatetzari "babesa" adierazi diotela nabarmenduta, "kontrako aldean" Elma Saiz buru duen alderdiaren jarrera dago, "nahiz eta lehen bileran jarrera atsegina izan zen".
Baikortasunik ez beraz Iruñeko kale Berriko egoitzan baina "itxaropena" bai, "azken unea arte" ahaleginduko baita EH Bildu, zerrenda bozkatuena izanda, "indar aurrerakoiek osatutako Udal gobernua osatzen eta zuzentzen".
Horretarako hiru puntu dituen gobernagarritasun akordioa helarazi die gainontzeko indarrei. Bertan jasotzen da “indar aurrerakoi bozkatuenaren legitimitate-printzipioa alkatetza lortzeko gainerakoen babesa lortuta” onartzea; “adostasuna funtsezko oinarri gisa” aurkezten da “gobernu anitzari zentzua” emateko eta azkenik “akordio programatikoarekiko eta gobernu barruan hartzen diren erabakiekiko leialtasuna” eskatzen du abertzaleen koalizioak.
EH Bilduk berretsi du gobernuaren osaketa eta akordio pragmatikoaren edukia definitzeko orduan "eskuzabal" izanen dela "baldin eta PSNren jarrera aldatzen bada". "Bestelako biderik ez dela" gogorarazi du Asironek.
Izenez harago, heldu den larunbatean “aurreko lau urteetan adostasunetara heldu eta hiriarentzako esanguratsuak izan diren erabakiak hartu dituen blokearen” edo “UPNk eta PPk sustengatuko duten eskuinaren gobernu atzerakoiaren” arteko hautaketa eginen dela gogorarazi du 2015ean alkate izendatutakoak.
Asironek azpimarratu duenez, "ez dago EH Bilduren bazterketa onartzen duen edo horretaz baliatu nahi duen batek iradokitako hirugarren edo laugarren biderik", "betoen eta bazterketen garaia gainditu behar da, eta Iruñean aldaketa sakon eta iraunkorrean” ahalegintzeko eskatu die gainerako alderdiei.
PSNk Iruñean duen "beto" horrek Nafarroako Gobernuaren eraketan izan dezakeen eraginaz galdetuta, hautagai abertzaleak esan du "bi negoziazio ezberdin" direla, baina "azkenean EH Bilduri jarritako betoa berresten bada, ez da hasiera ona izango, zalantzarik gabe" azaldu du.