Euskal Herria osoan “emaitza paregabeak” eskuratu dituztela nabarmendu du EH Bilduko presidentegaiak: “Nafarroakoak historikoak dira. Hirugarren indar politikoa gara Parlamentuan. Pozteko unea izan zen igandekoa”, izan du gogoan. Aurrera begira jarrita ahal duten guztia eginen dute eskuinak gobernua eskura ez dezan, baina bazterketa onargarria ez dela berretsi du Laura Aznalek.
45.478 boto lortu zituzten igandean: 2019an baino 5.000 boto gehiago eta bi parlamentari gehiago.
Zer garrantzia du Geroa Bai baino indar handiagoa izatea?
Geroa Bairi aurre hartu izanak esan nahi du hirugarren indarra izatea, erabakigarriak izatea. Zazpi ginen, orain bederatzi gara. Adosteko unean garrantzi handia du.
45.000 boto eskuratu dituzte parlamentuan 68.000 boto udaletarako. Zergatik aldea?
Arrakala hori egon badago, baina gero eta txikiagoa dela esanen nuke. Udaletan oso ongi kudeatzen dugu eta hori parlamentura bideratzen ahalegindu behar gara. Konturatzen ari dira herritarrak horretaz ere, esanen nuke. Jendeak irabazi egiten du gu akordioetara iristen garen erabakietan.
Zenbat udaletan duzue alkatetza bermaturik?
Gaurkoz 32 alkatetza kudeatuko ditugu ekainaren 17tik aurrera: Lekunberri eta Cabredon lehen aldiz. Zaraitzu eta Aezkoako Juntetako Lehendakaritzak ere gure esku geratu dira. Beste 14tan, alkatetza kudeatzeko apostua egin dugu: Baztan, Antsoain, Burlata… eta indar aurrerakoi bozkatuena gara Iruñean, Lizarran, Barañainen, Eguesibarren…
Iruñeko Udalean negoziazioak hasi dira. Espainiako hauteskundeen emaitzek nola eragin dezakete?
Gure konpromisoa zalantza gabekoa eta argia da: Nafarroak eta Iruñeak nahi dute gobernu aurrerakoi eta ezkertiarra. Gu prest gaude adosteko eta negoziatzeko. Bide bakarra bide demokratikoa da: bozkatuenak hartu behar du lidergoa. Iruñean Joseba Asironi dagokio alkatetza hartzea. Hori lortzeko azken unera arte hitz eginen dugu gainerakoekin.
PSNko Elma Saizen jarrera zer iruditu zaizu? Zuei bizkar emanda ari da.
Norbaitek benetan eskuinari oparitu nahi badio gobernua haiek azalduko diote jendeari zergatik. Beste Esporrin bat egitea ez da bidezkoa izanen. Iruñeak beste gobernu bat merezi du: Asiron lider izanen den udal agintea.
PSN EH Bildurekin adostasun zenbaitetara iritsi da lau urteotan. Orain zergatik hartu dute jarrera hori?
Determinazio berdinarekin esaten arigara eskuinari ez diogula utziko gure esku dagoenetan ezein erakunderen aginte makila hartzea, baina ez da onargarria bazterketa. Ez da bazterkerietan ibiltzeko garaia. Hitz egiteko eta adosteko baizik. Maila berdinean egindako baieztapenak dira.
Saizen jarrera aldatzeko aukerarik ikusten duzu?
EH Bildun esaten duguna egiten dugu. PSNk aipatzen duena egiten badu, eskuinari gobernua oparitzen ari zaio. Haiek azaldu beharko dute.
Eskuina boterera ez iristeko bestelako bideak aztertzeko prest zaudete?
Koldo Martinezek aipatu zuena, berri ona da. Izan ere, uko egin zion Saizen proposamenari. Badakielako bide horrek ez duela zentzurik. Eskuinari gobernua oparitzea litzatekeelako.
Koldo Martinez edo Txema Mauleon izan daitezke alkate?
Zilegiena da indar bozkatuena izatea lidergoa eramen duena.
Asironek ez badu aginte makila hartuko, jendeak nola ulertuko du?
Gure erronka zen lehen indarra izatea Iruñean. Hori gertatu ez denez eta eskuinari alkatetza oparitzea ez badugu nahi Asiron da aukera.
Ze ondorio izan dezake Iruñean gertatzen denak Gobernua osatzeko negoziazioetan?
Arlo guztietan eta erakunde guztietan ari gara lanean. Lehentasuna da eskuinari atea ixtea. Hori dena landu beharko dugu. Maria Txibitek bilerak izan ditu Geroa Bai eta Zurekin Nafarroarekin. Logikoa da, gobernu taldekideekin hastea. Esanen nuke dena zabalik dagoela.
Arnadlo Otegik esan zuen Asiron ez bada alkatea ez abstenitzeko aukera bazegoela Nafarroako Gobernuaren osaerari begira.
Bi baieztapen egin ditugu maila berdinean: bazterkeriarik ez eta eskuinari atea itxi. Ardura handia dugu indar aurrerakoi guztiok. Jendeak hori nahi du. Hori errespetatu beharko genuke. Guztion artean adostu eta jendearen borondateari ateak zabaldu.
Bilerak atzo hasi zituzten. PSNk esan zuen ordezkaritza handiagoa eta botere handiagoa nahi duela Gobernuan.
Batzuk eserlekuez ari dira. Guk segitzen dugu herritarren arazoez hitz egiten. Kezkek eta arazoek segitzen dute. Hori da lehentasuna guretzat. Batzen gaituenari buruz hitz egiteko unea da. Enplegua, osasuna, hezkuntza…
PSNk ez du asmorik EH Bildurekin negoziatzeko balizko abstentziorik ere.
Logikoa da hastea gobernuko taldekide izan dituenekin. Baina gure prestutasun osoa berresten dugu azken unera arte. Espero dugu adostea, herritarrei erantzuna emateko.
Aurrekontuak zuekin negoziatuta atera ditu lau urteotan. Orain nahirik ez du zuekin. Hori zergatik?
Txibitek dio akordio puntualak lortu ditugula. Gauza asko gertatu dira azken lau urteotan. Nik dakidanez, aurrekontuen legea da garrantzitsuena parlamentuan. Onartu behar dugu guk erraztu eta egonkortu dugula gobernua. Gure ekarpenak beti izan dira eskubideetan aurrera egiteko. Akordio puntualetatik haratago gure lana funtsezkoa izan da osasungintzan, eskubide sozialetan…
Aukerarik ez duzue izanen gobernuaren barruan. Eroso zaudete kanpotik babesten?
EH Bilduk edukietan egiten du lan. Ez da lehentasuna gobernu barruan izatea. Lehentasuna eskubideetan aurrera egitea da: hizkuntza eskubideak, sistema publikoa indartzea… non egonen garen jakitea ez da garrantzitsuena. Pertsonek irabaztea da gure helburua.
Negoziazioak luze joanen dira?
Sanferminetan berriz kanpainan izanen gara. Gure ardura litzateke gobernu aurrerakoia osatzea.
Epeei dagoekienez zein aurreikuspen?
Ikusiko dugu. Ezin jakin.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak iritsiko dira. EAJk jakinarazi du zeintzuk bideratuko dituzten Madrilera. Zuen hautagaien berri izan dezakegu?
Oso denbora gutxi dugu. Tarte bat hartzeko denborarik ere ez dugu izan. Datozen egunetan ariko gara horretan. EH Bildu, dena dela, oso ongi kokatuta doala esanen nuke. Indartsuagoak gara. Guretzat beste erronka bat izango dira. Bihar Nafarroako Batzarra dugu Antsoainen. Oinarri militantearekin hitz eginen dugu eta gauzak mahai gainean jarriko ditugu.
Izenak badituzue, beraz?
Epea motza da eta lan egin behar dugu, asko.