Parte-hartzea ia bortz puntu apaldu den boza hauetan -%67,72koa izan da-, izan diren aldaketa guztiek ez dute ia aldaketarik ekarriko. Edo, printzipioz, ez dirudi hala izanen denik.
Navarra Suma koalizio eskuindarra hautsita ere, UPNk lortu du berriz ere lehenbiziko indarra izatea, 90.000 boto inguru eta 15 eserlekurekin. Baina horiei PPren hirurak eta Voxen biak batuta -alderdi ultraeskuindarra lehenbizikoz sartuko da Parlamentuan-, orain arte Navarra Sumak zituen 20 parlamentariren kopurua berdinduko da. Ez gehiago, eta ez gutxiago ere.
Nafarroako Gobernuko kideek eta Izquierda-Ezkerrak 23 parlamentari batzen zituzten orain arte. Baina hemendik aitzinera 21 izanen dituzte. Hain zuzen ere, Geroa Baik galdu dituen bi parlamentariak irabazi ditu EH Bilduk. Badirudi mesede handiagoa egin diola Laura Aznalen koalizioari kanpotik gobernua ahalbidetzea, Uxue Barkosen Geroa Bairi Gobernu barnean egotea baino. Botoetan argiago ikusten da bi koalizioen joera ezberdina: EH Bilduk 4.500 boto inguru irabazi ditu, eta Geroa Baik 18.000 galdu.
Politikan bi eta bi ez dira beti lau izaten eta horren erakusgarri da Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak bien artean 27.000 boto eskuratu zituztela 2019an, nor bere aldetik joanda, baina aurten elkarrekin aurkeztuta 7.000 bat boto galdu dituztela. Eta gaitzerdi, hala ere, orain arteko hiru parlamentariei eustea lortu baitute.
Azkenik, aipatzekoa da aurten bai Vox alderdi ultraeskuindarrak lortu duela botoen %3ko langa gainditzea -aise, gainera-, eta Parlamentuko bi eserlekuren jabe eginen dela, 13.700 botok emandako indarrari esker.
Zenbakiak guztiak horrela, ematen du gauzak bere hartan geldituko direla Nafarroan, ez badira behintzat Iruñeko Udaleko osaketaren negoziazioa dela-eta aldrebesten.
Kontuan hartzekoa da behin Nafarroako Parlamentua osatuta, Gobernuko lehendakaria aukeratzeko lehenbiziko bozketan hautagaiak gehiengo osoa lortu behar duela; hau da, 26 parlamentari edo gehiagoren aldeko botoa jaso behar du. Txibitek ez ditu 26 horiek lortuko EH Bilduren babesik gabe. Baina halakorik erdietsiko ez balu, bigarren bozketan nahikoa izanen luke gehiengo sinplea eskuratzea; hau da, aldeko botoak kontrako botoak baino gehiago izatea. Horretarako, noski, EH Bildu abstenitu egin beharko da.