M28 udal eta foru hauteskundeak

Uxue Barkos: “Lidergoa berreskuratzea oso garrantzitsua da Gobernua osatzera begira”

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 26a, 10:58

Legealdi honetan “protagonismo” gutxiago izan du Geroa Baik eta hartara “aldaketak” segitu badu ere ez da horren “sakona eta indartsua”. Uxue Barkosek 2015ean erdietsitakoa berreskuratu nahiko luke “aldaketaren inpultsoarekin” segitzeko.

Bereziki “intentsoa” iruditu zaio aurtengo kanpaina Uxue Barkos lehendakarigaiari. Legealdia berezia izan da: “Aldaketarekin segitu dugu UPN bazterrean utzita baina beste modu batean aritu gara. Motelagoa izan da”, nabarmendu du. Maiatzaren 29tik aurrera eginen lukeena argi du: “Hiru helburu nagusi ditugu: Geroa Bairen protagonismoa handitzea eta hala aldaketaren inpultsoa berreskuratzea; eskuina instituzio garrantzitsuenetatik kanpo uztea eta Iruñean aldaketa erdiestea.

Aurrerakoiek ahalik eta instituzio gehien izan ditzaten Geroa Bairen konpromisoa irmoa da: “Gu lehen indar garen horietan ez dugu aukera galtzen utziko ”. Jarrera hori entzun nahiko luke gainerako hautagaien ahotik ere “bereizki alderdi sozialistarengandik”. Halako konpromisoa entzun nahiko luke indar aurrerakoi guztien ahotik. “Aldaketa ekarriko luke Eguesibarren adibidez, baina ez hori bakarrik, baizik,  Iruñerri osorako ekarriko lituzke aukerak”. Gogoan du Barkosek zein jarrera hartzen duen PSNk halakoetan: “2019an bezala, baina baita lehenago ere 2007an, 2011n… Espainiako politikak markatu du Nafarrokoa. PSNk Ferrazera begiratzen du beti azken erabakiak hartzerako unean. Bazen, bada eta hala segituko du”.

Hauteskundeen ostekoei so

Indar aurrerakoien esku aginte makilak uzteko “negoziazio sakonak” ezinbestekoak izanen dira hauteskundeen ondotik. Konplikatuak beti direla argi du Barkosek, baina ezinbestekoa da “akordio sakonak eta zehatzak” erdiestea lau urtera begirako proposamenak izaten direlako. “Dena ongi lotuta utzi behar da. Sakon planteatuta. Akordioak ahalik eta zehatzagoak izateak erraztuko baitu legealdia”, esan du.

“Gobernua berpiztu nahiko genuke”, nabarmendu du. Izan ere, iruditzen zaio Barkosi PSN gehiegitan aritu dela “inertziaz” lanean. “Geroa Baik indarra berreskuratu beharko luke autogobernu gehiago edukitzeko, hizkuntza politikan aurrera egiteko eta eskumen gehiago lortzeko”. Ez zaio iruditzen Barkosi UPNek eta PSNk 26 eserleku lortuko dutenik.: “Nahiz eta UPN lehen indarra izan, aritmetikoki zaila ikusten dut aukera hori". PSN behartuta egonen da indar aurrerakoiekin adostu eta aniztasuna instituzioetara eramatera Barkosen iritziz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!