Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako zerrendaburu eta presidentegaiak etxebizitza "oinarrizko eskubidea" dela, eta "edozein bizi-proiektu garatzeko ezinbestekoa" dela aldarrikatu du. Hori dela eta, herritarren sarbidea bermatzeko neurriak proposatu ditu, hala nola "alokairu publikoa bultzatzea edo alokairuen gehiegizko prezioak mugatzea ".
Aznalek adierazi du "herritarrek segurtasuna" behar dutela "beren bizi-proiektua garatu ahal izateko, eta EH Bildurentzat lehentasunezkoa" dela "oinarrizko eskubide hori unibertsala izatea bermatzea eta herritar guztiei etxebizitza duina eta eskuragarria" bermatzea.
Aznalek adierazi duenez, EH Bilduk "premiazko neurriak" hartu nahi ditu, "alokairu publikoa bultzatuz, hutsik dauden etxebizitzetan ere eraginez eta gure gazteak emantzipatzeko neurri espezifikoak hartuz".
Era berean, EH Bilduk "alokairuen gehiegizko prezioak kontrolatuko" dituela ziurtatu du. Hautagaiak, halaber, "jabe handien aurrean esku hartzea eta pisu turistikoak arautzea" proposatu du, "egungo espekulazioarekin amaitzeko".
Gainera, ziurtatu duenez, "sektore publikotik etxebizitzak birgaitzeko laguntza gehiago sustatuko dugu, eta etxebizitza kolaboratiboen eta komunitarioen proiektu kooperatiboak bultzatzeko prozedurak arinduko ditugu".
Geroa Baik, euskara
Uxue Barkosek aldiz, bertako hizkuntzaren "ingurua indartu eta babesteko", adostasun politiko anitzen beharra azpimarratu du. Euskararen lege berria beraz mahaigaineratuko du Geroa Baik, hizkuntza eskubideak bermatzearren.
Gaur #euskara izan du hizpide Geroa Baik. Hizkuntzaren inguruko arau-marko berria proposatu du koalizioak pic.twitter.com/00EIOKntHp
— Euskalerria Irratia (@fm983irratia) May 17, 2023
Jeltzale eta sozialberdeen arteko koalizioaren programaren 30 neurrik bertako hizkuntza dute hizpide, Javi Arakamak zerrendatu ditu nagusiak: Nafarroako lurralde osoan euskarak ofizialtasunik ez izatea eragiten duen "zonifikazioak eragindako arau-aldaketekin amaitzea". Era berean, Administrazioak "zerbitzu gehiago eskaintzeko eta hala eskatzen duten herritarrei euskaraz erantzuteko" neurriak proposatu ditu.
Bestalde, Geroa Baik proposatu du Nafarroako administrazio publikoetan euskara merezimendu gisa balioestea arautuko duen foru dekretu bat garatzea. "Euskararen balorazioa Foru Erkidego osoan egin behar da, horretarako errealitate soziolinguistikora egokituz", adierazi du Arakamak, eta azaldu du "neurriek lehentasuna izango dutela euskaldunen ehuneko handiak dituzten toki-erakundeetako biztanleei arreta ematen dieten zerbitzu publikoetan".
Azkenik, hezkuntzaren eremuan, "formala eta informala, eskolakoa eta eskolaz kanpokoa", eta helduen artean, Geroa Baik "euskalduntzearen doakotasunean" aurrera egitearen aldeko apustua egin du.
Gazteriaren artean euskararen erabilera sustatzeko neurriak ere iragarri ditu, Nafarroak Gobernu euskaltzalea behar duela aldarrikatuta.
Energia, Zurekin Nafarroaren proposamena
Kontsumorako energiaren prezioa arautuko duen erakunde publikoa sustatu nahi du Zurekin Nafarroak, Iberdrolaren tankerako enpresa pribatuen oligopolioarekin amaitzeko.
Nafarroaren luze eta zabalean dagoeneko urbanizaturik dauden esparruetan haize-errotak, plaka-fotovoltaikoak eta bestelako energia azpiegiturak eraikitzeko beharra azpimarratu du Begoña Alfaro zerrendaburuak landa eta natura eremuetan kalte gehiago ez eragiteko. Gaineratu du Zurekineko legebiltzarrerako bozeramaileak hiri eremuan halako azpiegiturak jarrita, mesede egiten zaiola ere landa eremuari.
Kritikatu du azken legegintzaldi honetako programa-akordioan biltzen zela energia enpresa publikoa sortzea, baina ez dela egin, eta zehaztu du 2023an hasi behar direla horren sorreraren oinarriak, prozesua luzea delako.