M28 udal eta foru hauteskundeak

Eskuinaren zatiketaren ondorioen zain

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 11a, 14:02

Euskal hedabideak elkarlanean, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen atarian. Martin Ugalde Foroak, Berriak, Katakrakek eta Euskalerria Irratiak antolaturik, atzo solasaldia egin zuten Iruñeko Kale Nagusiko liburu dendan. Hartan parte hartu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide irakasle Amaia Alvarezek, Diario de Noticias egunkariko kazetari Ibai Fernandezek, Berria kazetako Joxerra Senarrek eta Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakastak, Berria-ko Uxue Reyren gidaritzapean.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak galdera andanarekin datoz: zein ondorio izanen du eskuinaren zatiketak? UPNren gainbehera ala erregionalismoaren berpizkundea ekarriko al du? Eskuin muturreko Vox alderdiak lortuko al du ordezkaritzarik? UPNren eta PSNren parlamentarien batuketa 26ra eta hartara gehiengo osora iritsiko al da? Iristen ez bada, zer gertatuko da Esparzarekin? Iristen ez bada, zer eginen du PSNk? Azken lau urteotan Iruñean zein Madrilen alderdi abertzaleekin harremanak normaldu eta gero, alderdi sozialistak paradigma berri hori indartuko du ala zaharra berpizten saiatuko da? Nola geratuko da PSNren eta legealdi honetan gobernua sostengatu duten gainontzeko alderdien arteko indar oreka?

Galdera gehiago: azken lau urteotan PSN gobernuan gainordezkaturik egon eta gero, hauteskundeen ondotik alderdiok lortuko al dute sozialistak soka motzagoan lotzea? Legealdia gobernu barruan PSNren itzalpean igaro eta gero, lortuko al du Geroa Baik Uxue Barkosen tiradizoa berpiztea? EH Bilduk zerrendaburu berri Laura Aznal ezagutaraztea eta indartzea lortuko al du? Zeinek lortuko ditu boto gehiago, Geroa Baik ala EH Bilduk? Behingoz zerrenda bakarrean elkarturik, zein ordezkaritza lortuko du Zurekin Nafarroaren espazio soziopolitikoak? Zer gertatuko da udaletan? Zein heinean lor dezake Joseba Asironek harena zerrendarik bozkatuena izatera? PSNk berriro utziko al ditu hainbat aginte makil eskuinaren esku? Galdera horiek eta gehiago erantzun zituzten atzoko solasaldian.

Eskuinaren zatiketari dagokionez, Ibai Fernandezen aburuz, UPNk “nortasun arazo bat zeukan PPrekin batera hauteskundeetara aurkeztuta, PPren markaren barruan urtzen ari zelako”. Haatik, “bakarrik aurkeztuta PSNrekin batera 26 parlamentarira ez badira iristen, Esparzarenak eginen du, eta bestela ere gorriak ikusiko ditu”, Juan Kruz Lakastak gaineratu zuenez.

PSNk, 11 parlamentari edukita, zegokiona baino botere handiagoa izan duela azpimarratu zuen Joxerra Senarrek eta horrek tentsioa eragin duela exekutiboaren barruan. Ibai Fernandezen irudikoz, gauzak horrela, “Geroa Baik gobernuaren barruan boterea berreskuratzen ahalegindu behar du”.

EH Bildu eroso ikusi du legegintzaldian NUPeko irakasle Amaia Alvarezek, boterean higatu gabe baina erabakietan eragiten. Nafarroa Zurekin koalizioari dagokionez, Juan Kruz Lakastak azpimaratu zuen honako honetan “etxerako lanak garaiz” egin dituztela, koalizioa garaiz onduz, baina arazo bat eduki dezaketela: “Madrildik datozen Sumar-en eta Podemosen arteko zatiketa hotsek kalte egin dizaiekete”.

Laurok bat egin zuten hauteskundeen ondoko negoziazioek luze joko dutela esateko tenorean. Laurok egungo gobernuaren antzeko bat espero dute, baina laurok uste dute gainontzeko alderdiek PSN soka motzagoan lotu nahiko dutela. Ibai Fernandezen irudikoz, “ez litzateke harritzekoa PSNk bigarren hauteskunde batzuk behartu nahi izatea, Espainiakoekin bat egin dezaten eta ‘Sanchez efektua’ alde eduki dezaten”.

Udalei dagokienez, giltza hein handi batean PSNren esku egonen dela nabarmendu du Senarrek. Lakastaren hitzetan, “Iruñean zein Madrilen azken lau urteotan sozialisten eta abertzaleen arteko harremanak normaldu eta gero, ez dirudi ez bidezkoa ezta onargarria ere PSNk duela lau urteko jokaldi hura errepikatu nahi izatea”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!