Hilabete bat falta da maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetarako eta dagoeneko baieztatu ditugu lehian izanen diren hautagaitza guztiak. Gauerdian amaitu da hauteskunde zerrendak aurkezteko epea eta horrek, datorren hilabeteko lehian izanen ditugun hautagaien argazkia ematen digu.
Nafarroako Parlamenturako zerrenda hamaika lehiakidek osatuko dute. Navarra Suma eskuin koalizioa hirutan apurtu da; Javier Esparzaren UPN alde batetik, Javier Garciaren PP bestetik, eta azkenik, Carlos Perez Nievasen Ciudadanos. Eskuineko alderdi hauei ultra eskuineko Vox alderdiak aurkeztuko duen hautagaitza batu behar zaie. Beste aldean ere, aldaketak egon dira egun gobernu aurrerakoia osatu edo babesten dutenen artean. Maria Txibite PSNren buru izanen da eta Uxue Barkos Geroa Bairena. Laura Aznal EH Bilduko hautagai izango da estreinakoz eta ezkerreko koalizio berri batek bilduko ditu egun Izquierda-Ezkerra eta Ahal Duguren bozkak; Zurekin Nafarroa koalizioak Begoña Alfaro izanen du zerrendaburu. Azkenik, Voluntad Navarra eta Por Un Mundo Más Justo alderdietako hautagaiek itxiko dute hamaika izenen zerrenda.
8 alderdi hauek eta koalizioak osatuko den parlamentuan ordezkaritza izateko aukera dute. Bozken % 3ko langa ezartzen da foru ganberako 50 eserlekuetako bat izateko. Hala eta guztiz ere, aurreko hauteskundeetan baziren alderdi txikiagoak, ordezkaritza lortuko ez zutela jakin arren, beren aldarrikapenak eta ideiak plazaratzeko erabili zutela hautagaitza, alderdi Kanabikoak, Libertate Nafarrak edo Cero Recortesek, esaterako. Aurten, 2023ko hauteskundeetara ez dira aurkeztuko. Esparru honetan, nobedade bakarra, Eguzkilore izenarekin aurkeztuko den hautagaitza da, legeak ezarritako 500 sinadurak bildu baitituzte. Azken urteotan, pandemiaren ondorioz zabalduriko hainbat ideia polemiko defendatzeko; tartean Munduko Osasunaren Erakundearen kontra edota 5G teknologia eta antenen kontrako aldarriak egiteko.
Udaletarako hautagaitzak
UPNk zein EH Bilduk 70 hautagaitza aurkeztu dituzte udal hauteskundeetarako. Atzetik, PSNk 69 aurkeztu ditu eta jarraian, PPk 33, Geroa Baik 21 eta Zurekin Nafarroak 17.
293 udal eta 346 kontzeju osatuko dira hauteskundeen ostean eta EH Bildu baita UPN ere lehian arituko dira, batez ere herri handienetan. Laura Aznal EH Bilduren zerrendaburuak “udalgintzari eta tokiko politikari ematen dioten garrantziaren erakusgarri” dela azpimarratu du. “Gure proiektua Nafarroa osoan errotuta dago, gero eta gehiago ari gara zabaltzen eta hori guretzat oso harro sentitzekoa da”, adierazi du. Lehen indar munizipalista izatea eta tokiko hautetsien indar politikoa aldarrikatu ditu Aznalek.
Bide berean, Onintze Oleagak, EH Bilduko estatu mailako udal-arduradunak, lorpena agertu du: “Ez da erreza izan. Izan ere gaur egun garai likido hauetan politikarekiko urruntze bat nabarmentzen dugu. Hala ere, harro gaude esan ahal izateaz gure zerrendetan gazte gehiago eta emakume gehiago daudela”. Emakumeek zerrenden % 40 osatzen dute Oleagak azpimarratu duenez eta EH Bilduren zerrendetan izandako “aurrerapausoa” nabarmendu du.
Iruñeko udalerako hautagaiak hauek izango dira: Cristina Ibarrola UPN, Joseba Asiron EH Bildu, Elma Saiz PSN, Koldo Martinez Geroa Bai, Txema Mauleon Zurekin Nafarroa eta Carlos Garcia Adanero PP.