Nekazarien etsipena orokortzen hasia da, lehorrekoak edo ureztaketakoak izan, lehorteak haien ekoizpenari nola eragiten dion ikusteaz gain, urtegietatik edo ubideetatik erabiltzen duten urarentzako zelaietarako iragarritako murrizketek haien etorkizuna arriskuan jartzen baitute.
Patxiku Irisiarri EHNE sindikatuko idazkari nagusi izan dugu Iruñerrian Gozietik. Egoera “oso larria” dela baieztatu du: “urtegiak betetzen ez badira, gorriak ikusiko ditugu”.
Administrazioari begira ez du uste diru-laguntzak irtenbide bakarra direnik, eta nekazaritza moldeak aldatzea planteatzen hasteko deia luzatu du Irisarrik
Ura kudeatzeko moldea aldatzeko ahaleginak egin dituzte baina horrela jarraitzekotan ez da nahikoa izango. Momentuz gainera eragin zuzena izango du uztak kudeatzeko erabili beharreko baliabideetan eta horrek azkeneko produktuaren prezioa garestitu du dagoeneko.
Ebroko urtegian 314 hm3 izatea aurreikusten zuten martxoan, baina errealitatea da 216 dituela, eta abuztuan kopurua 70 hm3-ra jaitsi liteke. Kanpaina baten ohiko erabilera 230 hm3-koa da, Itoizen, Allozen eta Errioxako urtegien laguntzarekin, eta aurten askoz txikiagoa izango da. Horrek esan nahi du hektareako eta laborantzako 1.700 m2 egongo direla, behar denaren erdia. Ondorioak honako hauek dira: laboreak aldatzea, soroak uztea, nahitaezko lugorriak, eta, batez ere, ekainetik edo uztailetik aurrera brokoli edo azalorearen gisako bigarren uztak egitea ezinezkoa izatea; izan ere, ordurako ureztatzeko urik ez izatea espero da, eta gizakiek eta animaliek edatekoa bakarrik izatea.
Dagoeneko nekazariak egokitzen hasi dira haien ekoizpena, baita hau murrizten ere.