Javier Esparzak buru duen alderdian badakite ia larrua jokoan dagoela eta horregatik karta-sortako figura guztiak jarri dituzte mahai-gainean. Alderdi Popularrera izen esanguratsuen ihesak, jauzi egiten azkenak Maria Garcia Barberena eta Fermin Alonso aurreko astea arte Iruñeko Udaleko gobernukide izandakoak izan dira, erabat baldintzatu du Nafarroako Legebiltzarrerako, Iruñeko Udalerako eta Tuterako Udaletxerako zerrenden osaketa.
Hori dela eta Esparazaren gertuko izenak agertzeaz gain eskuinaren gobernuetan garrantzitsu izandako zenbait izen ere ageri dira besteak beste Parlamenturako zerrendaren lehen 20 hautagaien artean.
Izen berri gutxi, legegintzaldi honetan Navarra Sumaren siglapean UPNrenak izandako 15 parlamentarien arteak 12k errepikatzen baitute. Ez daudenak Cristina Ibarrola, Iruñeko Alkategaia; Maribel Garcia Malo, PPra ere joan dena; eta Jorge Esparza dira, honek Sergio Sayas babestu zuen 2020ko alderdiaren burua hautatzeko prozesuan.
Esparzaren gertukoak
Gainera zerrenda berriko 20 kidetatik zortzi, Esparza zerrendaburuaren alderdiko exekutibaren kide dira eta beste lauk karguak dituzte alderdian. Sayas babestu zuten alderdikideen artean Raquel Garbayo parlamentaria ageri da soilik zerrendan. Eta politikagintzan zuzenean behintzat orain arte aritu ez den Leticia san Martin erizain, NUPeko irakasle eta Erizainen Elkargoko presidenteordea zortzigarren izanen da.
Yolanda Ibañez UPNko antolakuntza idazkari eta Marta Alvarez Ekintza Politikoko koordinatzaile dira bigarren eta hirugarren; laugarren Maria Jesus Valdemoros legebiltzarrean ekonomia gaien bozeramailea izanen da. Bosgarren aldiz Javier Trigo izanen da, Opus Deiren unibertsitateko kiroletako arduraduna hainbat urtetan izandakoa eta PPn aritutakoa izanen da, Trigo Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari izan zen Miguel Sanzen gobernuan.
Alderdiaren kontseiluak gainera Cristina Ibarrola buru izanen duen Iruñeko udaleko zerrendaren lehen 14 izenak eta Tuterakoaren lehen 11 hautagaiak onartu zituen, %88 eta %96ko babesarekin hurrenez hurren.
Nafarroara begira
Hamar minutu inguruko hitzaldi labur batean, Esparzak UPNren alderik tokian tokikoena erakutsi nahi izan zuen atzo Tuteran, jokoan geratzen zaion aukera politiko bakanetakoa. Diskurtso horretan, UPNri axola zaiona Nafarroa dela erakusten saiatu zen, "Bilbon edo Madrilen erabakiak hartzen dituzten" alderdien aurrean.
“Bozkatuko dena Nafarroaren etorkizuna da, Nafarroak behar duena Gobernu aldaketa da” nabarmendu zuen. “PSNk EH Bildurekin jarraitzen duen edo UPNren Gobernua dagoen bozkatuko dute herritarrek” agindu zuen Esparzak.
Besteak beste ohartarazi zuen Madrildik, alderdi sozialistak Nafarroako ekonomia ereduaren aurka egin nahi duela, bertako erregimena aldatuz eta horren aurrean Maria Txibitek ez duela ezer egin.
"Hauteskunde hauek ez dira plebiszitu bat 'Sanchez bai Sanchez ez'. Hori abenduan bozkatuko da, ez gaitzatela nahastu ", azpimarratu zuen ere UPNren zerrendaburuak.