Historikoki, udal eta foru hauteskundeen ondotik, udalen eraketaren osteko lehen asteazkenean eratu ohi zen Nafarroako Parlamentuko Mahaia. Maria Txibite lehendakariak ezustekoa eman du gaur, eta hauteskundeetara deitzeko dekretuan hurrenkera hori alderantzikatu du: Parlamentuko Mahaiaren eraketa ekainaren 16ra aurreratu du, eta udalen eraketa ekainaren 17an da egitekoa.
Txibitek azaldu duenez, aldaketaren helburua da “gobernua eratzeko prozesua azkartzea” eta behin-behinekotasun egoera murriztea. Izan ere, parlamentuko mahaia arduratzen da talde parlamentarioekin bilera errondak antolatzeaz, gobernu berria osatze aldera. Baina, bistan denez, neurriak beste eragin bat izanen du: alkatetzekin gertatzen denak ez du eraginik izanen mahaiaren eraketan. Eta horrek badu bere garrantzia, aintzat hartuz PSNk iragarri duela beren hautagaiek beren buruari emanen diotela, eta ez hautagai progresistarik aurrerakoienari, alkateak aukeratzeko tenorean.
Nafarroako presidenteak astelehen honetan sinatu du Foru Parlamenturako hauteskundeak deitzeko foru dekretua, eta astearte honetan argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, indarrean sartuko den egun berean. Parlamentuak hauteskundeak datorren maiatzaren 28an, igandean, izanen dira, beste bi hauteskunde hitzorduekin batera: udal hauteskundeak, Estatuaren eskumenekoak; eta kontzejuak, foru exekutiboak martxoaren 29an jada deitu zituenak.
Nafarroako hauteskunde-kanpaina, beraz, 15 egunekoa, maiatzaren 12an hasiko da, ostiralarekin, gaueko 00: 00etan, eta hilaren 27an amaitu, ostiralarekin, 00: 00etan.
Sinadura horren ekitaldi instituzionala 12:30ean izan da, Maria Txibite lehendakariaren bulegoan, eta, ondoren, komunikabideen aurrean agertu da, Nafarroako Jauregian. Bere hitzaldian azaldu duenez, ekainaren 16an eratuko da ganbera, "hauteskunde garaia lehenbailehen amaitu behar delako eta legegintzaldi berria hasi eta erakunde demokratiko berriak lehenbailehen formalizatu behar direlako". "Desiragarria litzateke etorkizuneko gobernua lehenbailehen osatzea, eta horregatik aukeratu da data hori", gaineratu du.
"Hauteskunde garai honetan azalpen, eztabaida, hausnarketa eta ariketa demokratikorako garaia da", adierazi du. "Denbora honetan, gobernuak lanean, administratzen eta kudeatzen jarraituko du, egin daitezkeen ekintza edo komunikazio motak mugatuta egotetik haratago; baina lanak jarraitu egin behar du, eta ahal den neurrian geldialdiak saihestu", azaldu du.
Adierazi duenez, "erakundeek ahalik eta lasterren lan egin ahal izatea nahi dugu, hauteskundeak amaitu ondoren, erronka asko daudelako, hasi eta jorratu beharreko jarduera asko, eta, horretarako, erakundeak behar dira, erabateko gaitasunetan funtzionatuz".