“Audio liburuak euskarara ekartzeko ahaleginean gure aletxoa jarri nahi dugu”

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 30a, 12:56

  • Katakrak Liburuak argitaletxeak eta Euskalerria Irratiak audio-liburu sorta jarri dute abian.
  • Bideo elkarrizketa egin diegu sailaren koordinatzaile Hedoi Etxarteri eta liburuen lokutore Lohizune Amatriari.

Katakrak Liburuak Argitaletxeak eta Euskalerria Irratiak audio-liburu sorta bat jarri dute abian: guztira hiru liburu sareratu behar dituzte audio formatuan. Lehena Sorginak, emaginak eta erizainak izan zen, Barbara Ehrenreichek eta Deirdre Englishek idatzia eta Maria Colera Intxaustik euskaratua. Hemen eta hemen entzun daiteke.

Orain, bigarren audio liburua sareratu dute: Feminismoa denon kontua da. Politika pasio, Bell Hooksek idatzia eta Amaia Apalauza Ollok euskaratua. Lohizune Amatria Zabalzak jarri dio ahotsa eta Amaia Lasak zuzendu ditu grabazioak, Irrintzi Dorreko estudioetan. Audio-liburua Katakraken webgunean aurki daiteke, baita Euskalerria Irratiarenean ere.

Sarri beste liburu bat grabatuko dute: Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin. Amaia Apalauza Ollok berak ekarri zuen euskarara, eta Haritz Pascual Garjonek jarriko dio ahotsa.

“Gure alea jarri nahi dugu”

Sailaren koordinatzaile Hedoi Etxartek audio liburuen formatua euskarara ekartzeko premia nabarmendu du: “Inguruko hizkuntzetan oso formatu ohikoa da. Eta ez horren hurbileko hizkuntzetan are gehiago: Alemanian duela hogei urte ohikoa zen liuru  dendetara joatea, CDak ikustea, eta CD horiek ez izatea musika baizik eta lliburuak, era guztietakoak”.

Hori horrela, Katakrakek eta Euskalerria Irratiak haien alea jarri nahi izan dute formatua euskal literaturara ekartzeko ahaleginean: “Hemendik aurrera, euskarazko audio liburu batzuk hasiko dira zirkulazioan. Ez bakarrik Katakraken eskutik”.

Liburuei ahotsa jartzen ari zaien Lohizune Amatria esatariak irratiko eta audio liburuetako lokuzioaren arteko ezberdintasunak nabarmendu ditu: “Hasieran, irratirako ohituta, albistegietarako, erritmoarekin kezka izan genuen, oso azkar irakurtzeko joera dudalako. Eta audio liburua ulergarria egin behar da. Erritmoari eta ulergarritasunari mimoz erreparatu behar zaio. Eta azkenean asmatu dugulakoan nago”.

"Entzuteko liburu aproposak dira"

Audio-liburu bihurtzeko tituluak hautatzeko tenorean bi aukera ikusi zituztela azaldu du Etxartek: bata, ongi funtzionatu duten liburuak hautatzea, formatua laguntzeko; bestea, horren ongi funtzionatu ez dutenei bigarren aukera bat ematea. Lehenaren aldeko apustua egin dute:  “Argitaratu ditugunen artean poza eragin diguten horietakoak hautatu ditugu. Salmentak zein liburu-dendetako datuei erreparatuta, argi ikusten da badagoela haiekiko interes mantendu bat”.

Sorginak, emaginak eta erizainak liburua bereziki goraipatu dute. “Testu kanoniko bat da, gezurra eman dezakeen arren. Lehen bertsioa unibertsitateko mugimendu feministan zeuden bi ikaslek panfleto moduan egin zuten, gerora bi idazle handi izanen ziren bi ikaslek hain zuzen ere. Gaur egun ere harritzen dira, ikusita oraindik hain gutxi zekitela zenbat asmatu zuten. Intuizioaren indarra dauka”, azaldu du Etxartek. “Bi indargune ditu: gaira hurbiltzen ari den pertsonarentzat oso eskuragarria da. Eta formazio handia daukan pertsonarentzat, dokumentu historiko bat da”, gaineratu du.

Amatriaren arabera, “oso hizkera ulergarrian egin zuten, oso pedagogikoa da, gaira hurbiltzeko oso aproposa da, eta lehen audio liburu bat izateko, oso aproposa da, laburra baita”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!