Katakrak Liburuak Argitaletxeak eta Euskalerria Irratiak audio-liburu sorta bat jarri dute abian: guztira hiru liburu sareratu behar dituzte audio formatuan. Lehena Sorginak, emaginak eta erizainak izan zen, Barbara Ehrenreichek eta Deirdre Englishek idatzia eta Maria Colera Intxaustik euskaratua. Hemen eta hemen entzun daiteke.
Orain, bigarren audio liburua sareratu dute: Feminismoa denon kontua da. Politika pasio, Bell Hooksek idatzia eta Amaia Apalauza Ollok euskaratua. Lohizune Amatria Zabalzak jarri dio ahotsa eta Amaia Lasak zuzendu ditu grabazioak, Irrintzi Dorreko estudioetan. Audio-liburua Katakraken webgunean aurki daiteke, baita Euskalerria Irratiarenean ere.
Sarri beste liburu bat grabatuko dute: Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin. Amaia Apalauza Ollok berak ekarri zuen euskarara, eta Haritz Pascual Garjonek jarriko dio ahotsa.
Hona hemen Mari Luz Estebanek Feminismoa denon kontua da. Politika pasio liburuari egindako iruzkina: «Iraganetik ikasteko ausardia izan eta gure garaia aurreratzeko aukerak irudikatzea. Hori da bell hooksek liburu honetan proposatzen diguna, eraberritze lanari etenik gabe ekiten dion feminismo baten alde eginez, zeinean emakumeak ez ezik gizonak eta umeak ere aske izan daitezkeen. Feminismoa singularrean, guztiona, nahiz eta bere baitan proposamen ezberdinak egon edo gatazkak bizi izan. Horretarako, berak ondo ezagutzen duen Ipar Amerikako mugimendua hartzen du aztergai; hori bai, feminismo erradikala eta kontserbadorea bereiziz eta bere burua lehenengora lerratuz; izan ere, beraren ustez, urteen joanean, borroka feminista pultsu erradikala galdu eta patriarkatu kapitalista konbentzionalaren menpe gelditu da».