Nafarroako Gobernuak erkidegoko 346 kontzejuetarako hauteskundeak deitzen dituen Foru-Dekretua onartu du. Egitura administratibo hori duten herrietan 41.921 biztanle bizi dira. Hitzordua igandean, maiatzaren 28an, izango da, Nafarroako udal eta Parlamenturako hauteskundeekin batera.
Kontzeju bakoitzeko biztanle-kopuruaren arabera, hauteskunde hauetan honako postu hauek beteko dituzte:
- 1.000 biztanle edo gehiago dituzten kontzejuetako batzarretako lehendakaria eta kideak: batzordeburuak eta sei kidek osatutako batzorde baten bidez arautuko dira.
- 50 biztanle baino gehiago eta 1.000 biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuetako batzarretako lehendakariak eta bokalak: lehendakariak eta lau kidek osatutako batzarraren bidez eraenduko dira; halaber, Kontzeju Irekiaren araubidean araututako kontzejuek, baldin eta Foru Administrazioari jakinarazi badiote batzarra egin nahi dutela, hauteskundeak deitu aurretik haien legezko kide-kopuruaren gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.
- Kontzejuetako lehendakariak, 50 biztanle baino gutxiago izateagatik Kontzeju Irekiaren erregimenean arautu behar direnak; eta biztanle gehiago dituztenak, baldin eta Nafarroako Administrazioari jakinarazi badiote Kontzeju Irekia osatu nahi dutela.
Nafarroako kontzejuetarako hauteskundeak foru araudi bereziak baldintzatzen ditu, zehazki 12/1991 Foru Legeak. Toki entitate horien osaera eta funtzionamendua Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak arautzen ditu.
Maiatzeko hauteskunde hitzorduaren prestakuntzari dagokionez ere, Gobernuak bi erabaki hartu ditu gaurko bilkuran, Nafarroako kontzejuetarako eta Parlamenturako hauteskundeetan erabili behar diren txartel, gutun-azal eta inprimakien ereduak zehazteko.
Legebiltzarrarentzat, boto-paperak eta gutun-azalak sepia kolorekoak izango dira; kontzejuentzat, berriz, berde kolorekoak. Bi kasuetan, eremu euskaldunean eta mistoan eredu guztiak elebidunak izango dira, eta eremu ez-euskaldunean, berriz, gaztelaniazkoak.
Azkenik, maiatzaren 28an hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonentzako jarraibideen eskuliburua onartu du exekutiboak. Mahaikideak udalek apirilaren 29tik maiatzaren 3ra bitartean egingo duten zozketatik etorriko dira.
Eskuliburua, gaztelaniazko bertsioarekin eta euskarazko bertsioarekin, Estatuko eta Foru Komunitateko administrazioek egin zuten. Hauteskunde Batzordearen oniritzia jaso ondoren, Ministroen Kontseiluak martxoaren 20an onartu zuen, eta orain Nafarroako Gobernuaren onespena jaso du.