80 ikastetxeko klaustroek bat egin dute datorren asteleheneko hezkuntza grebarekin

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 29a, 11:54

LAB, Steilas, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek atxikimendu guztiak Hezkuntza Departamentura eraman dituzte, "Gobernua jabetu dadin hezkuntza komunitatean dagoen haserreaz". Gaur mahai sektorialetik altxatu egin dira langileen ordezkariak, exekutiboak grebarako aldarrikapenak eztabaidatzeari uko egin eta gero.

Ehunka asanblada egin dituzte sindikatuek ikastetxez ikastetxe. 80 klaustroren babesa lortu dute eta beste 60 atxikimendu pertsonal. Apirilaren 3ko grebarako giroa bero ikusten dute, irakaslegoa haserre delako. Gaur Hezkuntza Departamentuan orain arte jasotako babesa erregistratu dute, kontseilariak aurreikus dezan astelehenean kalean aurkituko duena.

Gaur, halaber, gobernuaren eta sindikatuen arteko mahai sektoriala bildu da. Langileen ordezkariak mahaitik altxtau dira, grebarako arrazoiak eztabaidatu eta negoziatzeari exekutiboak emandako ezetza dela eta. "Ratioak jaitsi, erosmen ahalmena berreskuratu eta burokrazia lana gutxitu" dira mahai gainean sindikatuek jarritako aldarrikapenak, erantzunik jaso ez dutenak.

Datorren astelehenean, apirilaren 3an, grebara joanen dira. Goizean irakasleen manifestazioa eginen dute, arratsaldean berriz hezkuntza komunitate osoari (irakasle, ikasle eta gurasoei) dei egin diote, protestan parte hartzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!