Arma detektagailuak eta polizia-kontrol gehiago jarriko dituzte gaueko aisialdian arma zurien aurka egiteko

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mar. 28a, 18:53

Gauetan polizia kontrol gehiago jarriko dituzte "aisialdi guneetan" eta kaleetan bideozaintzarako kamera gehiago ezarriko dituztela iragarri du udalak. 

Iruñeko Udalak, dantzalekuetako arduradunek eta hiriko aisialdirako beste lokal eta taberna batzuetako kideek arma zuriekin lotutako delituen aurrean prebentzio-neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute. Lokaletako bozeramaileek laban eta bestelako armen erabilera errotik kentzearen alde egin dute, bai beren establezimenduetan, bai ingurunean, eta Udalaren laguntza eskatu, aisialdi "arduratsua eta errespetuzkoa" defendatzeko.

Ildo horretan astearte honetan akordioa sinatu dute Iruñeko Udalak eta gaueko aisialdirako zenbait establezimenduetako jabeek, ostalariek arma zuriak edo elementu zorrotzak daramatzaten bezeroei sartzen ez uzteko konpromisoa jasotzen duena.

Kentzen diren arma zein bestelako elementu ziztakariak Udaltzaingoari emango dizkiete, eta udal poliziak metal-detektagailuak emango dizkie establezimenduei, eta berehala emango diote lokalean egindako edozein delituren berri, esku har dezan ahalik eta lasterren.

Udalak arma zuriekin sartzea debekatuta dagoela adierazten duten informazio-kartelak prestatuko ditu, eta jabeek beren lokaletako ageriko guneetan jarriko dituzte.

Honekin batera, gauean poliziaren presentzia areagotuko da, agenteek kontrolak gehiago egingo baititzute aisialdi-inguruneetan, eta borroketarako eta delitu jarreretarako prebentzio-dispositiboak ezarriko baitiuzte. Gainera gaur iragarri dute bideozaintzako kamera gehiago ere jarriko dituztela bide publikoan.  

Lokalek, halaber, ezarritako ordutegiak zorrotz betetzeko, errespetuzko tratua eskaintzeko, edukiera errespetatzeko eta bezeroek saltokietatik kanpo baxera edo kristalezko botilak ateratzea saihesteko konpromisoa berretsi dute. Era berean, lokaletatik irtetean erabiltzaileek bizilagunei enbarazu egin ez dezaten laguntzeko prest daudela adierazi dute dantzaleku eta establezimenduetako arduradunek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!