Trafiko eskumenaren eskualdatzea sinatu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 22a, 20:24

Uztailaren 1ean hasita, progresiboki lau urteko epean Estatuaren esku zeuden hamar zerbitzu bere gain hartuko ditu Foru Komunitateak.

Nafarroak trafikoaren eta bide segurtasunaren eskumen esklusiboa berreskuratu du. 1961ean dekretu frankista baten bidez kendu zitzaion Foru Aldundiari eskumen hori eta uztailaren 1ean progresiboki berreskuratuko du, gehienez ere lau urteko epean.

Maria Chivite presidentak gaur arratsaldean akordioa sinatu eta prozesuaren xehetasunak azaldu ditu eta adierazi duenez, ez da eskualdaketa hutsa eta “konpromiso politiko eta instituzionala” nabarmendu ditu.

Orain arte Estatuaren esku zeuden hamar zerbitzu, errepideen kontroletik haratago doazenak, hartuko ditu bere gain Nafarroak. Halaber, autoeskolen kudeaketa eta bide-segurtasunari lotutako hainbat eremu kudeatuko ditu. Horri esker, berreziketa-ikastaroak eta gida baimeneko puntuak berreskuratzeko ikastaroak egin ahal izango ditu, bai eta helduentzako eta bai eskola-eremuko adingabeentzako prestakuntza-kanpainak ere. Horrez gain, isunak izapidetu eta kobratzeko eskumena izango du Nafarroak; Foru Gobernuak berak egindako kalkuluen arabera, urtero 12 milioi euro inguru emango zaizkie diru-kutxa publikoei.

Uztailaren 1ean hasiko da prozesua eta 2025eko urtarrilean Nafarroa isunen kobrantza bere gain hartzen hasiko da. Era berean, pixkanaka zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak izango diren 149 agente berriak gehitzen joango direla iragarri du Chivitek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!