Nafarroari esleitutako Europako funtsekin egindako inbertsioen plangintza estrategikoa falta dela dio Kontuen Ganberak

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 22a, 12:29

Txostena Estatuko Kontu Epaitegiaren eta autonomietako kontrol erakundearen arteko akordioaren ondorioa da. Horren helburua da autonomiek diru-laguntzak kudeatzeko hartu dituzten neurriak aztertzea.

Nafarroako Kontuen Ganberak Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilentzia Plana ezartzeko Gobernuak hartu dituen neurriak aztertu ditu. 

Europako funtsen bidez 750.000 milioiko diru-laguntza emanen zaizkie batasuneko kideei.

Espainiar Estatuak 70.000 milioi hartuko ditu Next Generation funtsetatik, itzuli behar ez diren transferentzietan. Diru-laguntza gastatzeko epea 2020-2026 da. Planak lau ardatz nagusi ditu: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, lurralde eta gizarte kohesioa eta genero-berdintasuna.

478 milioi Nafarroarentzat, 364 jasoak

Txostenak dionez, Nafarroak 479 millioi jasoko ditu Next Generation funtsetatik. Horietatik, 364 jasoak ditu. 2022ko abenduaren 31a arte, 57 milioi gastatuak zituen.

Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak 96 milioi jaso ditu. Horietatik, 96 konprometituak ditu. Diru-laguntzen bidez finantzatuko dituen proiektuen artean daude mugikortasun jasangarrirako planak, turismoaren modernizazioa eta energia berriztagarriak.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 63 milioi jaso ditu. Horietatik, 26 konprometituak ditu. Horrekin finantzatu nahi diren proiektuak etxebizitzen birgaitzea eta eraikinen birgaitze energetikoa dira nagusiak.

Hezkuntza Departamentuak 61 hartu ditu. Horietatik, 9 ditu konprometituak. Diru-laguntzak hiru helburu nagusitara bideratuko ditu: digitalizazioa, Lanbide Heziketaren modernizazioa eta haur hezkuntzaren lehen zikloaren eskolatzea bultzatzea.

Txostenak departamentu batzuek diru-laguntzen gauzatze tasa oso murritza dutela nabarmendu du. Hiru dira jasotakoaren %5 baino gutxiago gastatu dutenak: Lehendakaritzako Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua.

Plangintza globalik eza

Kontuen Ganberak europar funtsen gobernantza-sistema ere aztertu du. Horren konklusio nagusia da ez dagoela Nafarroari dagozkion diru-laguntzen plangintza globalik. Txostenaren arabera, behar bezalako plangintza batek baliabideak, beharrak eta helburuak lortzeko jarduerak aztertu beharko lituzke.

Bestalde, ahultasun puntu bat aipatzen du: Kontu-Hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiak hartu duela departamentuen jardueren koordinatzeko ardura, aldi berean kontrolaren arduraduna izanik.

Gardentasunari dagokionez, Gobernuak funtsen berri eman du horretarako propio sortu duen web orri batean eta Gardentasun eta Gobernu irekiaren atarian ere. Dena den, Kontuen Ganberak uste du funtsen berri emateko hartu diren neurriak ez direla aski.

Kudeaketa sistemaz ere iritzia eman du. Iruzurraren aurkako tresnak indartu egin dira. Funtsei esker lorturiko helburuak jasotzeko informazio sistema ere garatzen ari da. Aurrekontu kudeaketa sistemak funtsen jarraipena ahalbideratzen du. Dena den, informazio sistemak ez du kontratuen esleipendunak identifikatzeko aukera ematen.

Kontuen Ganberak funtsen kudeaketa hobetzeko aholku batzuk eman ditu. Horien artean,  koordinazio eta funtsen kontrol lanak bereiztea, koordinazioa Kontu-Hartzailetzatik kanpo utziz. Departamentuek gastatu beharreko diru-funtsen plangintza eta zuzendaritza globala eskatzen du. Azkenik, interesdunek diru-funtsei buruzko informazioa jasotzeko bideak hobetu beharra nabarmentzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!