Hiru eguneko grebara deitu dituzte adinekoen egoitzetako langileak

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 21a, 11:57

Sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute ELA, UGT eta LAB sindikatuek. Apirilaren 18an, 19ean eta 20an eginen dituzten lanuzteekin, hamabost greba egun pilatuko dituzte.

Duela bi urte baino gehiago hasi ziren Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen sektoreko hitzarmena negoziatzen, 2021eko maiatzean. Momentu horretan ELA, UGT eta LAB sindikatuek proposamen bateratu bat adostu zuten. “Ordutik askotan bildu bagara ere, gaur egun patronalek ez dute sindikatuek eskatutako gutxienekoak betetzen dituen proposamenik egin”, aitortu dute.

Patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin izan zuten azken bilera 2023ko urtarrilaren 26an izan zen. Bilera horretan, patronalek proposamen bat helarazi zieten, negoziazio-mahaian dauden sindikatu guztiek atzera bota zutena. Hori dela eta, patronalei eskatu zieten sektoreko langileentzako baldintza duinak jasotzen zituen proposamen bat egiteko. Ostera, ez patronalek ez Nafarroako Gobernuak ez diote eskaerei erantzun.

Salatu dutenez, Nafarroako Gobernua, “sektorea finantzatzen duena eta erantzukizun publikoa duena”, bat etorri da patronalaren jarrerarekin etengabe. Hipokresia egotzi diote.

Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan beharrean dauden 4.500 langilerentzat hitzarmen kolektiboa dute helburu sindikatuek, eta egoeraren aurrean lanuztera deitu dituzte, berriro. Hiru egunez eginen dute greba jarraian, apirilaren 18am, 19an eta 20an.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!