Administrazioan Euskaraz Taldeak behin erakundeetan lan-postu publikoak egonkortzeko prozesuaren lehen fasea amaituta, horri buruzko gogoeta egin du ohar bidez. Zehazki, bertako hizkuntzari erreparatu dio.
Hasteko salatu dute Nafarroako Gobernuan "oso lanpostu gutxi" atera direla profil elebidunarekin, "Plantilla Organikoak dituen gabeziengatik". Zehaztu dute nahiz eta "oraindik" ez den "onetsi Nafarroako Administraziorako merezimenduen dekretua", "lege baten bitartez Merezimenduen Dekretuaren proiektua" aplikatu dela "euskara baloratzeko (edo ez baloratzeko)". Horren eraginez, zehaztu dute, "eremu mistoko lanpostu batzuetan baloratu da euskara jakitea, baina ez guztietan".
Iruñeko Udalean egonkortze prozesuak izan duen eraginari dagokionean aldiz kritikatu dute Udal Gobernuak hau "erabili" duela "euskara ia erabat baztertzeko". Iruñean salbuespen bakarra izan da zeinean euskara puntuagarri izan den: Gizarteratzeko Goi Mailako teknikarien lanpostuak. Datu zehatza eman du udalari dagokionean Administrazioan Euskarazek: euskaraz jakitea eskatu du lanpostuen % 19’44tan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kasuan "lanpostu elebidun gutxi" elebidinuak izan direla nabarmendu dute, gobernuaren antzera Plantilla Organikoari erreparatu zaiolako. Hala ere, horietan euskara puntuagarri izan dela txalotu dute.
Eremu mistoko gainontzeko udaletan atzemandako gabeziak ere zehaztu ditu kasuan kasu euskararen aldeko plataformak. Kritikatu dute, esaterako, Lizarrako Udalak ez duela "bere Euskararen Ordenantza bete lanpostu gehienetan", honek ezartzen baitu bertako hizkuntzari "%6ko balioa ematea". Eguesibarko Udalak ere "berdin" jokatu duela salatu dute, hau da, ez dute euskara ordenantzak agindu bezala baloratu; Barañainen aldiz euskara ez dute kontuan hartu "lanpostu gehienetan". Burlatako Udalak "ez du euskara baloratu zenbait lanpostutan, nahiz eta bere Plantilla Organikoak agintzen zion baloratzea" salatu du Administrazioan Euskarazek. Azkenik Berriozarren kasua nabarmendu dute, bertan ez baitute beti euskara "puntuatu", nahiz eta "Euskararen Ordenantzak hori agintzen dion".
Gaineratu dute, eremu mistora berriki sartutako "udal batzuek" aprobetxatu dutela "lehenengo aldiz euskara puntuatzeko" baina ez direla denak izan. Aurrerapauso hori "positiboa bada ere, oro har, egonkortze prozesuekin Administrazio gaztelaniadun elebakarra" bultzatu dela kritikatu dute administrazioko euskal hiztunek, salatuz "Euskararen Ordenantza saihestu" dutela "eremu mistoko zenbait udalek, eta eremu ez euskaldunean, Arartekoaren gomendioei muzin eginez, kasu askotan atzerriko hizkuntzak" baloratu direla, euskara baztertzen zen bitartean.