Gogoetak, zirimiria ater dadin

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mar. 16a, 14:02

VII Inkesta Soziolinguistikoko datuak aztertu ditugu Euskaldunon Topaguneko Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapatarekin eta Euskalgintzaren Konseiluko zuzendari nagusi Idurre Eskisabelekin. Zapataren aburuz, “datu onak egon badaude, eta aintzat hartu behar ditugu”. Eskisabelen irudikoz, “jarrerak aztertzeko orduan ezin daiteke ahaztu hizkuntzen kontura aspaldidanik ari duen zirimiri diskurtsiboa”.

VII. Inkesta Soziollinguistikoaren arabera, Nafarroa Garaian lau herritarretik bat euskalduna edo euskaldun hartzailea da. 2016an baino 1.500 gehiago dira. Halaber, erabilera inoizko altuena da, %12,3koa hain zuzen ere, baina 2016tik %0,1 besterik ez da igo.

“Ni poztu egiten naiz ikusita ezagutzan eta erabileran datu hobeak dauzkagula. Datu onak egon badaude eta horiek ere aintzat hartu behar ditugu. Pozgarria da. Baina indarberritze prozesu batean kokatu behar ditugu”, azaldu du Zapatak. “Nik azpimarratuko nuke hizkuntza politiko sendorik egin gabe jasotako datu onak direla. Agian hori da honetan guztian positiboena. Haize kontra jardunda ere, badagoela pultsio bat euskararen biziraupenari, bizipozari eusten diona”, gaineratu du Eskisabelek.

Zapata: “Euskararen aldeko gehiengo sozialak behar ditugu”

Ezagutza eta erabilera VII. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkia badira, jarrerak ifrentzua dira: herritarren %30 daude euskara sustatzearen alde, %37 ez alde ez kontra, eta %33 kontra. Zapatak dio tentuz aztertzeko moduko datuak direla: “2016ko datuekin alderaturik, aldekoen poltsa pixka bat jaitsi da, kontrakoena ere bai, eta ez alde ez kontra daudenen taldea handitu. Ez alde ez kontra dauden horiekin lan berezi bat egin behar dugu erakarri ahal izateko. Izan ere, neurri eraginkorrak behar ditugu sustapen lana ongi egin ahal izateko, eta horiek parlamentuan aurrera atera ahal izateko gehiengo sozial eta politiko bat behar dugu”.

Idurre Eskisabelen aburuz, testuingurua garrantzitsua da: “Jarrerak aztertzerakoan, ezin dugu ahaztu Nafarroan hizkuntzen kontura halako zirimiri diskurtsibo bat aspaldidanik ari duela. Hasieran ez dugu zira janzteko beharrik sentitzen, baina hirugarren egunerako blaiturik gaude, eta hiru urtean pulmonia eduki deszakegu. Sirimiri horren ondorioa da hau”.

Eskisabel: “Fenomeno orokor baten aurrean gaude”

Zapatak 2015ko maiatzean abiaturiko legealdian dakusa inflexio puntua: “Sirimiria aspalditik ari du, baina esango nuke aldaketaren gobernua osatu zen momentutik egon zela mugimendu bat, batez ere hedabideetan, euskara sustapena gai nagusitzat hartuta, gizartean eta politikan eragiteko, eta aurkakotasun hori areagotzeko”.

Jarrerei dagokienez, gaztetxoen datuek kezka berezia eragin dute eusaltzaleengan: 16 eta 24 urte arteko nafarren artean, %27 da aldekoa, %33 ez alde ez kontrakoa eta %39 aurkakoa. Hori guztia, haien artean euskaldunak eta euskaldun hartzaileak %40 izanda. Zapataren ustez, datuok ponderatzeko tenorean ongi aztertu behar da metodologia: “Jarreren azterketan bestetan baino askoz sakonago aztertu behar da zein nolako galderak egiten diren. Euskal Herri osoan galdera berberak egiten dira. Nik ezagutzen ditudan galderak lanpostuen ingurukoak dira, edo ikastea ezinbestekoa izan behar den… Nafarroan geografikoki kokatuta galderok, eta ikusita non bizi den jende gehiena, zooma egin beharko genuke benetan hor zer dagoen ikusteko. Neurri eraginkorrak behar ditugu”.

Eskisabelen arabera, fenomeno orokor baten aurrean gaude. “Intuizioak esaten dit ez dela Nafarroan bakarrik gertatzen ari, Euskal Autonomia Erkidegoan ere badagoela nolabaiteko desatxikitze prozesu bat, munduan izaten ari diren aldaketa ugariek eraginda, mundua pertzibitzeko moduan gertatzen ari diren aldaketa ugarien ondorioz. Beste gai sozial batzuei buruz galdetuta seguru asko halako disrupzioak atzemango genituzke”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!