Mikel Arregi: "Gazteek asetuta ikusten dituzte haien hizkuntza eskubideak eta horrek euskararekiko kezka galtzea eragin du"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko mar. 10a, 14:08

Euskarabideak gaur aurkeztu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoaren lehen datuak. Lehen irakurketa egin du Mikel Arregik Euskarabideko Zuzendari Kudeatzaileak Euskalerria Irratian.

Lau herritarretatik bat euskalduna da Nafarroan. Hori da Nafarroako zazpigarren inkesta soziolinguistikoaren irakurketa nagusia.  Gaur datu orokorrak aurkeztu ditu Euskarabideak Kondestable jauregian egindako saioan, irakurketa sakona eta datu zehatzenak udazkenean helduko dira, hemen kontsulta ditzakezue gaur ezatututako batzuk. Baina lehen zertzelada batzuk eta euskara sustatu zein bere aldeko jarrera bultzatzeko politikei heltzen hasteko aukera du dagoeneko Nafarroako Gobernuak. Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok ireki du jardunaldia.

30 urte bete dira lehen inkesta soziolinguistikoa egin zutenetik, beraz hizkuntzaren bilakaeraren zikloa ezagutzeko hiru belaunalditatik bi bere osotasunean hartu dira dagoeneko, gaur aurkeztu duten 2021ekoaren datuekin. Nafarren %14,1 ongi aritzen da euskaraz eta %10,6 ulertzeko gai da, beraz modu batera edo bestera lau herritarretatik bat euskalduna da. 

Ehunekoei helduta bilakaera apala izan da nahiz eta hazkundea izan, baina Paula Kasaresek Euskarabidetik ohartarazi du datu absolutuetan irakurketa egitekotan emaitzak adierazgarriagoak direla, "ia bikoiztu baita euskaldunen kopurua azken urteetan".

Euskararen legeak ezarritako eremuei dagokienez aldaketa nabariak izan ziren 2017an, ez euskalduneko 44 udalerri igaro baitziren eremu mistora. Horrek eragin du, eremu ez euskalduna delako horretan, euskararen ezagutza eta erabileraren jaitsiera. Datuak "sakonean" aztertu behar dira Kasaresen hitzetan.

Hiribuari erreparatuta datuak Nafarroakoen parekoak dira, baina azkeneko urteetan 6.000 hiztun berri batu ditu, lurralde osoan 8.000 izan diren bitartean.

Adinen arabera, 16 eta 24 urte arteko tartean daude euskaldun gehien. Gazteen %28 da euskalduna (goranzkoa da joera azken inkesten arabera) eta %12 euskaldun hartzailea. Hala ere, euskara sustatzearekiko jarrerari erreparatuz gero, aurkakotasun tasarik altuena gazteen artean dago. Euskararekiko jarrerak nabarmenki egin du okerrera azken hamar urteetan gazteen artean.

Beraz hor badago kontraesana, ezagutza eta hizkuntzarekiko jarreraren artean eta ziurrenik horren inguruko zehaztasunak udazkenean emango dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!