Euskararen egoeraren argazkia berritu du Nafarroako Gobernuak. Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu dute gaur, Kondestablen egiten ari diren jardunaldian. 2021koa da argazkia, eta 16 urtetik gorakoen euskararen ezagutza, hizkuntzaren transmisioa, hainbat gizarte-eremutan duen erabilera eta haren sustapenaren aurrean nafarrek dituzten jarrerak biltzen ditu.
134.618 herritarrek dakite euskaraz hitz egiten edo ulertzen dute, Nafarroan; biztanleriaren %24,7k. Puntu eta erdi egin du gora zenbatekoak, 2016ko inkestatik. Hogei urte atzera eginez gero, berriz, ia zortzi puntutan handitu da. Euskaldun osoen eta euskaldun hartzaileen arteko aldea handitzen ari da, gainera. 76.784 dira euskaldunak (%14,1) eta 57.834 hartzaileak (%10,6).
Adinen arabera, 16 eta 24 urte arteko tartean daude euskaldun gehien. Gazteen %28 da euskalduna (goranzkoa da joera azken inkesten arabera) eta %12 euskaldun hartzailea. Hala ere, euskara sustatzearekiko jarrerari erreparatuz gero, aurkakotasun tasarik altuena gazteen artean dago. Euskararekiko jarrerak nabarmenki egin du okerrera azken hamar urteetan gazteen artean.
Euskararen legeak ezartzen dituen hizkuntza eremuen arabera, eremu euskaldunean daude euskaldun gehien (%62,3). Eremu mistoan %12,6 dira eta eremu ez euskaldunean %1,6. Behera egin du adierazle honek, azken inkestaren arabera, eremu ez-euskaldunean; baina foru legean 2017an egindako aldaketen ondorioaz. Orduan hainbat herri igaro ziren eremu mistora.
Gero eta euskaldun gehiago Iruñean
Iruñeko biztanleen %24,6k ulertzen edo hitz egiten du euskaraz , 42.388 iruindar. Horietatik, 23.306 dira euskaldunak; hau da, %13,5. Gora egin du zenbatekoak, duela bost urte hiru puntu beherago kokatu baitzuten ehunekoa. Euskaldun hartzaileak, berriz, %11,1 dira (19.082), 2016an baino 0,3 puntu gutxiago. Iruindarren %75,4 da erdalduna. Nafarroan bezala, gazteeak dira euskaldun kopurik handiena pilatzen dutenak. 16 eta 24 urte artekoen %29,4 da euskalduna.
1991tik egiten da inkesta
VII. Inkesta Soziolinguistikoa (2021) Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak egin duten azterketa estatistikoa da, hiru erakunde publikoek euskara sustatzeko sinaturik duten Hiruko ituna protokoloan jasotakos. Hala bada, Inkesta Soziolinguistikoa Nafarroan ez ezik, EAEn eta Iparraldean ere egin da eta Nafarroako datuak dira aurkeztu diren lehendabizikoak. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak ireki du Kondestableko ekitaldia. . Kontseilariak hizkuntza politika publikoaren eragin edo inpaktu soziala neurtzeko datuen garrantzia nabarmendu du.