Katakrak Argitaletxeak eta Euskalerria Irratiak audio-liburu sorta bat jarri dute abian: hiru liburu sareratuko dituzte audio formatuan, eta horietako lehena dagoeneko eskuragarri da Katakraken webgunean zein Euskalerria Irratiaren atarian : Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakumezko sendalarien historia bat, Barbara Ehrenreichek eta Deirdre Englishek idatzia eta Maria Colera Intxaustik euskaratua.
Sarri beste bi liburu sareratuko dituzte audio formatuan: Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin eta Bell Hooksen Feminismoa denon kontua da. Politika pasio. Bi liburuok Amaia Apalauza Ollok ekarri ditu euskarara.
Sorginak, emaginak eta erizainak audio liburuan, Euskalerria Irratiko esatari Lohizune Amatriak jarri du ahotsa eta irratiko teknikari Amaia Lasak grabatu du, Irrintzi Dorreko estudioetan.
Aitzinsolasak hala laburbiltzen du liburuaren tesi nagusia: "Gaur egun osasun-sisteman daukagun posizioa ez da ‘naturala’ eta azalpen bat eskatzen du. Liburuxka honetan zera galdetu nahi izan dugu: nola igaro gara iraganeko gailentasun-egoeratik egungo mendetasun-egoerara? Gure ikerketak zera erakutsi digu: emakumezko osasun-langileen bazterketa eta gizonezko profesionalen nagusitasuna ez zirela prozesu ‘natural’ bat izan. Ez zen medikuntzazko zientziaren baitako aldaketen emaitza automatiko bat edo emakumeen sendaketa-lanak egiteko ezintasunaren emaitza, gizonezko profesionalen botere-hartze aktibo baten ondorioa baizik”.