Arraitz Koch (Kattalinguneko langile ohia): “Sei urteko lana geldiarazi dute, ez dugu ulertzen zergatik”

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko ots. 17a, 08:30

LGTBI+ zerbitzuan murrizketak egin ditu aurten Nafarroako Gobernuak. Zerbitzua kalitatez emateko baldintza berrezarri ditzan eskatu dio parlamentuak exekutiboari.

Nafarroako Gobernuari LGTBI+ pertsonei arreta integrala emateko Kattalingune zerbitzua ematen jarrai dezala eskatzeko mozioa onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuak. Gobernukideak aurrez aurre jarri zituen gaiak. Geroa Bai izan da mozioaren bultzatzaileetako bat, EH Bildu eta Ezkerrarekin batera. UPNko parlamentarien babesa jaso du testuak, eta Ahal Dugukoen eta PPkoen abstentzioa.

PSN izan da, beraz, aurka bozkatu duen bakarra. Egindako “moldaketak” defendatu ditu alderdi sozialistak, eskariarekiko “zorrotzak” izan direla eta “segurtasun juridiko” jardun direla justifikatuz. Mozioak ez duela ezer aldatuko iradoki zuen Nuria Medina parlamentariak: “Itxurakeriazko mozio bat da hau, ez du gobernua ezertara behartzen-eta”.

Mingarriak egin zitzaizkien Kattalinguneko egungo langile eta langile ohiei PSNren hitzak. Parlamentuan jarraitu zuten eztabaida. “Badakigu ez duela ezertara behartuko mozioak, baina espero dugu atzera egitea gobernuak eta profesional eta kolektiboekin hitz egiten hastea”, adierazi du Arraitz Kochek. Kattalingorri elkarteak kudeatu du 2022ko abenduaren 31ra arte LGTBI+ zerbitzua. Aurten zerbitzua esleitzeko lehiaketa antolatu dute, orain arteko baldintzak aldatuz. Ez aurkeztea erabaki zuen elkarteak, eta Gizain fundazio publikoak hartuko du bere gain zerbitzua.

Aldaketa, baina, ez da gauzatu oraindik. “Blokeatuta gaude, proiektua puskatu dute. Sei urteko lana geldiarazi dute, eta hasieratik hasi beharko gara”, adierazi du Kochek. Zazpi langiletik hiru kaleratu ditu gobernuak esleipenean, baina zerbitzuaren lan karga mantenduz. Horrela kalitatez lan egitea ezinezkoa dela dio Kochek: “Ez gara iristen, landa eremuko zentroetan ezin dugu zerbitzua eskaini. Matematikoki ez du ematen”.

Egoera salatzeko manifestazioa eginen dute hilaren 25ean, 18:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!