Iruñea eta Bilbo arteko autobus lineak datorren udaberritik aurrera maiztasun handiagoa, zazpi autobus berri eta tarifen % 44ko beherapena izango du. EAEko herritarrentzat, % 64ra ere irits daiteke deskontua bidaiariak BAT, Barik eta Mugi txartelekin ordaintzen badu.
Zerbitzua Arabako Aldundiak kudeatzen du eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Gobernu Kontseiluaren ostean jakinarazi duenez, datozen hamar urteetan Autobuses Cuadra enpresak eskainiko du zerbitzua, 80.000 euroko urteko kanonaren truke.
Udaberritik aurrera hiru zerbitzu gehiago egongo dira astelehenetik ostiralera, bat gehiago larunbatetan eta hiru gehiago igande eta jaiegunetan.
Nolanahi ere, berrikuntza nagusia tarifak % 44 jaistea da, eta horri beste % 20ko deskontua gehitu ahal izango zaio Arabako (BAT), Bizkaiko (Barik) eta Gipuzkoako (Mugi) mugikortasun txartelekin ibilbidea ordainduz gero.
Horrela, kasurik onenean egungo 16,05 euroak ordaintzetik 7,24 euro ordaintzera igaroko litzateke, hau da, ia 9 euro gutxiago. Gainera, 6 urtetik beherakoek eta ezgaitasun fisikoa edo intelektuala duten bidaiariei laguntzen dieten pertsonek doan bidaiatuko dute.
Iruñea eta Bilbo arteko ibilbidean, erdibideko geldialdia egingo dute Altsasun eta Gasteizen, eta orain baino denbora laburragoan egingo dute ibilbidea.
Esan bezala, udaberrian zerbitzuarekin hastea espero da, eta, bertan, zazpi autobus berri sartuko dira, "erosoagoak eta motor eraginkorragoak dituztenak eta ingurumena errespetatzen dutenak".
Arabako Aldundiak esan duenez, enpresa esleipendunak egungo kontzesioan enplegatutako pertsonak luzatuko ditu, eta, beraz, "enpleguaren egonkortasuna bermatuko da".