Aurrekontu murrizketen ondorioz “egoera kritikoa” bizi duela salatu du Gazteriaren Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 7a, 10:06

Iaz jasotako diru laguntzen erdia jaso du aurten Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, eta hiru langile kaleratu behar izan dituzte.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) salatu du “egoera kritikoan” dagoela Nafarroako Gobernuaren aldetik iristen zaizkion baliabide “urrien” ondorioz. Erdira murriztu dizkio gobernuak diru laguntzak. Aurten 85.000 euro jado dituzte; iaz, berriz, 160.000 eurokoa. 

Kontseiluko presidenteak, Pablo Lanaspak, Batzorde Iraunkorreko kideak alboan zituela, kontseiluak egun aurrez aurre dituen arazoak ipini ditu mahal gainean: "Gurpil zoro bihurtu da eta gero eta jarduera gutxiago egin ditzakegu, gero eta gutxiago aintzatesten gaituzte eta, horrenbestez, gure eginkizunak gero eta gutxiago betetzen dira. Ziklo hori Administrazioak, dagozkion eginkizunak betetzeko laguntza eskainiz hautsi beharrean, elikatu baino ez du egiten". 

Ekimenak gauzatu, erabakiak hartu eta Batzorde Iraunkorretik datozen gainerako alderdiak burutzen dituen Lantalde teknikoari dagokionez, Kontseiluko presidenteak nabarmendu du legealdi honetan bi pertsona kanporatu behar izan dituztela, eta langileen eta boluntarioen arteko zubi-lana egiten zuen koordinazioaren funtzioa desagertu dela. “Horrenbestez, hiru pertsona gutxiago dira egunerokotasuneko funtzionamendua bermatzen ari direnak".

Gobernua kontseiluaren eginkizunak bereganatzen ari dela salatu dute, halaber. “Aspalditxotik Kontseiluaren antzeko jarduerak egiten hasi da gobernua, horrela hainbat hilabetez egindako eginahala zanpatuz". Lanaspak baieztatu du laguntza eskatzeko ahalegina egin dutela, baina eskaera eta eskariak “isiltasun eta ezaxolarekin”erantzun izan dira beti.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!