Berta Garcia (LAB): “Urrats bat harago egin behar dute gobernuek, epaiek ez diote kalterik egiten-eta Glovori”

Pello Argiñarena Urriza 2023ko ots. 6a, 12:39

Irailean ekin zion LAB sindikatuak Glovoren kontrako bide penalari. Euskal Herriko auzia Bartzelonako prozesuarekin batzea erabaki du fiskaltzak, eta epaiketan deklaratu du sindikatuak.

2019an ezarri zen Glovo Nafarroan, hainbat salaketa abiatu zituen orduan LAB sindikatuak. 2021ean Rider legea ezarri zuten, Auzitegi Gorenak banatzaileak langileak izan behar direla ebatzi zuen, eta Iruñeko Auzitegiak ere hori berretsi zuen, ondoren. Glovok sententziak errekurritu ditu, eta kontraturik gabe daude langileak. "Zergatik? Nahiz eta isuna ordaindu, irabaziak galerak baino handiagoak direlako. Enpresari ez dio kalte egiten", azaldu du LAB sindikatuko Berta Garciak.

Poliki doa Glovoren kontrako borroka. Sententzia bakarra irabazi du sindikatuak, momentuz, eta soilik 2019an eta 2020an enpresarentzat aritutako langileei dagokie. Geroztik asko izan dira, ordea, Glovoren motxila jarri dutenak. Irailean enpresaren kontrako bide penalari ekin zion sindikatuak. "Fiskaltzarengana jo genuen, eta aurreko astean Bartzelonan izan ginen. Ez da gutxi", iritzi dio Garciak. "Onartu baharko lukete badagoela enpresa bat esklabuen eredua ezartzen ari direna, eta isunen gainetik aurrera jarraitzeko gai dena. Bide penalak langileei egindako mina errekonozitzeko modua ekar dezake". 

Funtsean, bi ereduen arteko talka gertatzen ari dira Garciaren iritziz, oligarkiak eskubiderik gabeko lan eredua ezarri nahi duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!