Mayu Serreau (Mugarik Gabe Nafarroa): "Administrazioak eman dituen pausoak ez dira nahikoak elikadura burujabetzarantz jauzi egiteko"

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 2a, 18:08

Argazkia: NUP

Nafarroan Elikadura Burujabetzaren Alde Egiteko Manifestua aurkeztu dute.

Mugarik Gabe Nafarroa ekimenak 'Nafarroan Elikadura-Burujabetzaren Alde Egiteko Manifestua' argitaratu eta harekiko atxikimenduak biltzeko prozesua abiatu du. Gabonen bezperan aurkeztu dzuten elikadura-burujabetzaren erradiografia eta hortik abiatu dute agintaritza-publikoei aurrerapausoak eskatzen dizkion eta horiek zehazten dituen dokumentua (hemen kontsultatu).

Mayu Serreau izan da Irrintzi Plaza saioan, Euskalerria Irratian, gaiaz  hitz egiten. Kritikatu du "baldintzak egon arren" administrazioak ez duela "benetan elikadura-burujabetza ekarriko duen sistemarik sustatzen". Manifestuan azaldu bezala "gure lurraldean, ekosistema ugari daude, nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorrak eta eskualde bakoitzari egokituak ahalbidetu dituztenak, ekoizleen ezagutza eta landa-ingurunearekin batera", baina "azken hamarkadetan nagusitzen ari den nekazaritza-eredua" industriala dela, "lurra gehiegi" ustiatzen duena, "ekoizleak, herriak eta elikagaiak ekoizteko beharrezko baliabide naturalak suntsitzen" dituena. 

Mugarik Gaberen izenean, Serreauk adierazi du, Nafarroa "merkatu globalizatuaren sarean harrapatua" dagoela, eredu industrial hori "inposatzearen ondorioz". 

Berriki argitaratutako manifestuan pausoak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari hainbat arlotan, hala nola: baliabide naturalen ustiaketa eta babesa (lurra eta ura); ekoizpen ereduan aldaketa (trantsizio agroekologikoa nekazaritzan eta abeltzaintzan); tokiko ekoizlen babesa esta sustatzea (eskala txikiko ereduak); produktuen transformazioa (artisau-ekoizpen txikiei egokitutako legedia); banaketa (merkaturatze kanal laburrak benetan sustatzea). 

Atxikimenduak bilatzeaz gain, konpromiso horiekin bat egitera deitu dituzte sinatzaileak, besteak beste "egun existitzen eta aplikatzen diren ekoizpen eredu horietan" oinarritutako produktuak kontsumituz eta era arduratsuan kontsumituz. 

Atxikimenduak emateko esteka honako hau da: https://form.jotform.com/mugarikgabenafarroa/ManifiestoSoberaniaAlimentaria 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!