Parlamentuak makroetxaldeen behi kopurua 850ra mugatuko duen foru-legea tramitatzeko bidea onartu du

Iosu Ganuza Garcia 2023ko ots. 2a, 14:03

Estatuko Errege Dekretua indarrean sartu aurretik muga hori gainditzen zuten ustiategiek baina, beren ekoizpen-bolumenari eutsi ahal izango diote.

Nafarroako Parlamentuak ostegun honetan onartu du Nafarroako Animalien Osasunari buruzko Foru Legea aldatzeko eta makroetxaldeei animalia muga jartzeko proposamena aintzat hartzea. Aldaketa horren xedea da araua egokitzea joan den abenduaren 27ko Errege Dekretu baten aginduetara. Dekretu horren arabera, behi-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezarri dituzte, baita gehienezko ekoizpen-ahalmenari dagokionez ere, 850 behin kopuruan ezarri dutelarik. 

Hala ere, Errege Dekretua indarrean sartu aurretik muga hori gainditzen zuten ustiategiek beren ekoizpen-bolumenari eutsi ahal izango diote, baina inola ere ez handitu. Halaber, ez dute aukerarik izango instalazioak aldatzeko edo ekoizpen-orientazioa aldatzeko, baldin eta aldaketa horiek gehieneko tamaina handitzea badakarte.

EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute gobernukide diren alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Podemos) eginiko proposamena. NA+-ek abstentziora jo du. Orain, legea Legebiltzarrean izapidetzen hasiko da, osoko bilkurara itzuli aurretik, behin betiko bozketa egiteko.

Arauak zehatz-mehatz ezartzen ditu abeltzaintza-jarduerak errespetatu behar dituen ingurumen, higiene eta osasun-baldintzak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak. Tamaina mugatuta gaixotasunak zabaltzeko arriskua eta horien eragina arindu nahi da, eta, horretarako, detekta daitezkeen fokuak kontrolatzea eta desagerraraztea erraztu nahi da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!