Solaskide bakarra izan nahi du Sindikatu Medikuak

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 1a, 08:39

Ez dira adostasunera iritsi Osasun departamentua eta Medikuen Sindikatua, eta greba mugagabera deituta daude gaurtik Nafarroako sistema publikoko 2.300 medikuak.

Atzo uko egin zion elkarte ultrakontserbadoreak Osasun departamentuko ordezkariekin biltzeari, eta kontra proposamen bat helarazi zion gobernuari. Minoritarioa da sindikatua sektorean, baina osasuneko mahai sektoriala eta mahai orokorra saihestu nahi ditu, eta adosten dutena zuzenean argitaratu dadila aldizkari ofizialean.

500 euroko soldata igoera nahi dute hilean, ez 400 eurokoa, departamentuak proposatu bezala; eta ohartarazi dute hori bermatzen duen akordio parlamentario bat egon ezean ez dutela greba bertan behera utziko.

Esklusibotasuna erabat ez ezabatzeak ere are gehiago urrundu ditu aldeak. Alor pribatuan mediku gisa jardun nahi dute-eta, hori egiteko bateraezintasunagatik egun jasotzen den ordainsaria galdu gabe.

Azken hauteskundeetan, 2019ean, 1.100 boto inguru eskuratu zituen sindikatuak. Atzo, berrehun bat pertsona bildu zituen Sarasate pasealekuko protestan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!