Nerea Arrasate eta Ainhoa Garcia (Naxker): "Emakumeen oihua oholtzaratzeko sortu dugu taldea"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 30a, 18:34

Ostiral honetan kontzertua emanen dute Atarrabiako Kultur Etxean.

Denbora gutxi du Naxker taldearen ibilbideak, baina osatzen duten kideek badakite zer kostatzen den musika talde bat zerotik muntatzea eta abiadan egitea. Naxker Karmele Gurbindok, Ainhoa Garciak, Nerea Arrasatek, Jaione Baraibarrek eta Aritz Martinek emandako izena da. Garcia eta Arrasate izan dira Irrintzi Plazan.

Izena, taldeko kide batzuen arteko jai giroko elkarrizketan sortu zen, ordezkatuko zituen hitz baten bila. "Naxker" aipatu zuen Nerea Arrasate baterijoleak, "neska eta aske hitzak" azpimarratzen dituelako, eta gaur egun multzoa denaren erreferentzia argi gisa diharduelako: feminismoaren balioak aldarrikatzen dituen musika-taldea. "Ixak indarra ematen dio izenari eta genero haustura hori ere azpimarratzen du", zehaztu dute Arrasatek eta Ainhoa Garciak. 

Hasiera batean, lau emakumeek osatzen zuten taldea, eta hainbat instrumentu erabiltzen zituzten eta Aritz Martin sartu zen baxujole lanetan. Karmelek ahotsa jartzen du, Ainhoak koruak eta kitarra, Nereak bateria eta Jaionek teklatua.

Atarrabian dute erroa guztiek baina orain bakoitza herri batean bizi da eta horrek entseguen errutina zaildu du. Hala ere Naxker aurrera egiteko jaio dela azpimarratu dute Ainhoak eta Nereak. 

"Atarrabiako talde feministak Jaietako Egun Feministan kontzertu bat ematea proposatu ziguten" eta orduan hasi zen taldearen ibilbidea. Gero Leitza eta Mendillorrin aritu ziren, eta orain berriro Atarrabian joko dute. Heldu den astean aldiz Mendigorriko jai txikietan.

Feminismotik egiten duten hausnarketan, badakite zeregin hori, konposatzea edo talde bat osatzea, errazagoa dela inguruko mutilentzat. "Konturatu gara haiek beti izan dutela presentzia handiagoa, musikaren munduan gehiago sartuta egon direla, txosnetan gehienak mutilen taldeak direla" kritikatu du Ainhoa Garciak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!