Atzoko ajea gaindituta, Elxen aurkako partidua prestatzen hasi da Osasuna

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 19a, 14:08
David Garciak lortu zuen kanporaketa berdintzea 90 minutuen amaieran.

Betisen kirol azpiegituran egin dute goizeko lan saioa gorritxoek. Bazkal ostean hartuko dute Elxerako bidea.

Ez zen partidu erraza izan baina Betis bezalako taldeen aurka gehiago sufritu ohi izan dute Jagoba Arrasateren taldeek azkeneko urteetan.

Lehendabiziko 90 minutuetan baloiaren jabetza Betisena izan zen, baina aukera garbiegirik ez zuen izan ez talde batek zein besteak. Betisek hartu zuen aurrea gorritxoek atzean izandako zehaztasun falta bakarrean, Carvalhok ongi jo zuen baloia, David Garciak behartuta eginiko aldaratzearen ostean.

Hala ere Jagoba Arrasatek sartutako aldaketek taldea suspertu zuten, Kike Barjak ezker hegaletik arazo ugari sortu zizkion Betisi. Behartutako erremate batean Budimirrek izan zuen banakoa, baina hori azken minutuan iritsi zen. John Aloisik kopako finalean, 2005ean egin bezala, bigarren zutoinera iritsi zen David Garcia kapitaina, buruz berdinketa egiteko.

30 minutu gehigarrietan Osasuna izan zen nagusi. Banakoarekin lehenik Ezequiel Avilak eta gero Ruben Garciak bat eta bikoa jartzeko aukera izan zuten, baina andaluziarrek hartu zuten aurrea, atsedenaren aurretik. Bigarren zatia hasi bezain laster joko zuzena baliatuta Ruben Garciak Budimirrek utzitako baloia eskuratu eta sareratu zuen Claudio Bravo atezaina gaindituta.

Penaltietan Sergio Herrera izan zen protagonista, Sergio Canalesen jaurtiketari gelditu bikaina egin ostean. Bi eta lau irabazi zuten hamaika metroetako jaurtiketetan gorritxoek aurrera egiteko.

Jagoba Arrasatek taldeak egindako lana eta planteamendua txalotu zuen.

Kualitatiboki aurrerapausoa eman zuten gorritxoek maldan gora jarri zen kanporaketa gaindituta. Heldu den asteko kanporaketa, gorritxoek, Sadarren nahi dute izatea.

Taldea dagoeneko Elxen aurkako igandeko liga partidua prestatzen hasi da. Sevillan egin dute entrenamendua, Betisen instalazioetan, eta bazkal ostean bidaiatuko dute Alacantera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!