Final-laurdenen bila, areriorik gogorrenaren aurka

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 18a, 12:28
Budimir eta David Garcia astearteko entrenamenduan. Iturria: C.A. Osasuna

Hamabi urte dira gorritxoek ez dutela azken-aurreko kanporaketara jauzi egiten. 

Denboraldi ona egiten ari da gizonezkoen Osasuna eta norabide horretan jarraitzeko hitzordu garrantzitsua du gaur iluntzeko bederatzietatik aurrera, Benito Villamarinen. Kopako final-zortzirenetan Betisen aurka lehiatuko da final-laurdenetara jauzi egiteko asmoz. 2010. urtetik da ez dutela kanporaketa hori jokatzen gorritxoek eta marka historiko negatibo hori atzean utzi nahi dute.

Betisek hain zuzen ere utzi zituen gorritxoak orduan K.O.-aren lehiaketatik at, Betisek ere utzi zuen Osasuna bere historiako lehen garaikur ofiziala izan zitekeenetik, Vicente Calderonen jokatutako Kopa finalean 2005. urtean. 

Honi guztiari gehitu behar zaio gorritxoei kosta egiten zaiela andaluziarren zelaian etekina ateratzea, eta Betis egungo Kopa titulua defendatzen ari dela, iaz garaile izan baitzen. Gainera Sevillako taldeak ia astebeteko atsedena izan du, asteburuan Ligan ez baitzen lehiatu, Superkopako finalderdia jokatu ostean. 

Betisek ez du izarretako bat, Fekir, zelairatzerik izango zigortuta baitago, baina talde benetan arriskutsua du kalitate handikoa. Osasunan ez du Pablo Ibañezek jokatuko, zigortuta dago ere, eta haren ordez baliteke Lucas Torrók jokatzea Ligan behartuta atseden hartu behar baitu erdilari alakandarrak. 

Hil ala biziko hitzordua dute beraz gorritxoek gaur iluntzekoa. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!