Gobernu kideak aurrez aurre jarri ditu medikuen esklusibotasuna ezabatzeko aukerak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 18a, 10:57
Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkos eta Nafarroako presidente Maria Txibite, artxiboko irudian. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Maria Txibite Nafarroako Presidentea prest azaldu da neurria kentzeko, Mediku sindikatuaren greba saihesteko. Kide dituen Geroa Bai eta Ahal Dugu ez daude ados, baina. EH Bilduk ohartarazi dio "desleialtasuna" litzatekeela aurrekontu akordioarekiko.

Mediku sindikatuak iragarri duen grebari lotuta jarritako baldintza da publikoan aritzen diren profesionalek pribatuan jarduteko aukera izatea, soldata jaitsierarik gabe. Hori gertatu ahal izateko, osasun publikoan aritzen diren mediku zenbaiten esklusibotasuna ezabatu beharko litzateke, baina mantendu horregatik egun jasotzen duten soldata gehigarria.

Nafarroako Gobernuko presidentea prest azaldu da horretarako, baina Geroa Bai kideak ohartarazi dio greba bati lotuta planteatzea “onartezina” dela haientzat. “Gobernu honen parte baten asmo bakarra medikuen greba deuseztatzea dela dirudi, eta nik uste dut lehentasuna beste bat dela”, adierazi du Javi Arakama parlamentariak Metropoli Foraleko solasaldian. “Kontra egon gara beti. Medikuen falta dugu, eta prest gaude entzuteko eta eztabaidatzeko zer egin arazoari irtenbidea emateko. Hortik ondorioztatzea, Txibitek egin duen moduan, ez dugula ezer neurri horren kontra okerra da”.

Nafarroako Parlamentuan neurria proposatzekotan ez dirudi, beraz, Geroa Bairen babesik izanen duenik. PSN da gobernukideen artean alde azaldu den bakarra,  Ahal Dugu alderdia neurria mantentzearen aldekoa baita.  

Oposizioan, ere bi jarrera guztiz kontrajarri eragin ditu gaiak. Navarra Suma izan da aldeko jarrera erakutsi duen bakarra. 2023ko aurrekontuen parlamentuko eztabaidan neurria ezabatzeko zuzenketa aurkeztu zuten eskuineko hirukoak, eta PSNk aurka bozkatu zuen, EH Bildurekin sinatutako akordioak horretara behartzen zuelako.

“Aurrekontu akordioaren negoziazioan osasun departamendutik proposatu zitzaigun”, gogoratu du EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Ezezkoa eman zioten subiranistek, gobernukideekin batera. “Atzeko atetik” orain neurria ezabatzea “desleialtasuna” litzatekeela zehaztu du Ruizek. “Politikoki izugarrizko akatsa litzateke, gobernua iparra galduta ikusten dugu”. Esklusibotasuna ezabatzeak osasun publikoari zein onura ekarriko liokeen azaltzea eskatu dio gobernuari EH Bilduk.

Atzo bildu ziren osasungintzako arduradunak eta sindikatuko kideak, otsaileko greba dela eta. Gaur asanblada egin du sindikatuak, gobernuak egindako proposamenak aintzat hartzen dituen edo ez eta grebari eusten dioten edo ez erabakitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!