Mikel Irujo: “Jasangarritasuna landu behar dugu, turistak erakartzeko eta gure turismoaren garapenerako”

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 18a, 09:40

Nafarroaren eguna ospatuko dute gaur Madrilgo Fitur turismoaren azokan. Bestelako turismo baten inguruan hausnartzera dei eginen du gobernuak.

Abenduko datuen faltan, gora egin dute turismoari lotutako aldagai gehienek. Pandemia aurreko datuak gainditzeraino zenbait kasutan. Nafarroako ostatu turistikoek 1,6 milioi bidaiari erregistratu zituzten azarora arte. Urtarokako turismoa alde batera uzten ari dira bisitariak. Uztaila eta abuztuan etortzen dira gehien, baina gero eta gehiago dira beste garai batzuetan Nafarroa bisitatzen dutenak. 2022an nazioarteko bidaiarien kopurua +%175,5 igo da 2021arekin alderatuta. 

Nafarroak bultzatzen duen ereduari egotzi dio gorakada gobernuak, Mikel Irujo ekonomia eta enpresa garapenerako kontseilariak azaldu duenez.

Turismo jasangarria bultzatu nahi du gobernuak, eta hori azpimarratuko du aurten Madrilen izanen den Fitur azokan. Galdera bat eginen diote standa bisitatzen duenari: “Zer da bestelako turismoa?”. Agenda parte-hartze ekintzekin osatuko du departamentuak, azoka bisitatzen duten ikusleek eta azoka sare sozialen bidez jarraitzen dutenek galderaren inguruko ikuspuntua eman dezaten.

Nafarroaren eguna gaur ospatuko dute, eta bertan izango dira Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Mikel Irujo enpresa eta ekonomia garapenerako kontseilaria. Nafarroako gizarteko eta turismo sektoreko beste pertsona garrantzitsu zenbaitek parte hartuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!