Arrasatek 22 jokalari deitu ditu Betis eta Elxen aurkako partiduetarako

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 17a, 13:43
Diego Moreno eta Pablo Ibañez Sadarren ateak itxita egindako entrenamenduan. Iturria: C.A. Osasuna

Kike Saverio lehen aldiz sartu da lehia ofizialerako deialdi batean. 

Bi partidu ofizialeko astea du gizonezkoen Osasunak eta biak gainera etxetik kanpo. Lehena, bihar izango da Betisen aurka (21.00etan) Sevillan; bigarrena, igandean Elxen aurka (16.15), Alacanteko taldearen futbol zelaian. Bidai luze bik eragin dezaketen nekea ekidin eta Iruñerrian iragarritako elur arriskua dela eta, Jagoba Arrasate entrenatzaileak eta jokalariek erabaki dute bi norgehiagoken artean Iruñera ez itzultzea eta beraz, Benito Villamarinen jokatuko den partiduaren biharamunean, ostegunean, Elxera bidaiatuko dute gorritxoek.

Hori dela eta eskura dituen jokalari guztiak deitu ditu Berriatuko entrenatzaileak, haien artean Kike Saverio, Arrasateren planetan sartzen ez den jokalaria, baina denboraldia hasi zenetik larriki min hartuta izan denez gero, taldearekin entrenatu ohi duena. Oraindik baina klubak ez du Ligan inscribatu, hegalekoa.

Aldaketak iragarri ditu gorritxoen entrenatzaileak asteazkeneko Betisen aurkako partidurako. Haietako bat behintzat behartuta izango da, izan ere Pablo Ibañezek jokatu ditu orain arte Kopako partidu guztiak zelai erdian eta zigorra bete beharko du harrobikoak Nasticen aurka txartel gorria ikusi ostean. Baliteke, Elxen aurka jokatzerik ez duen Lucas Torrók hartzea bere lekua. 

Jagoba Arrasatek berretsi du Kopa "helburua" dela, eta orain arte, gorabeherak gorabehera, "egin beharrekoekin bete" egin duela taldeak maila apalagoko taldeen aurka. "Gogotsu eta ilusioz" azaldu da Berriatukoa, nabarmenduta azken bi partiduen ondorioz lortutako puntuek "konfiantza" eman diotela taldeari. 

Erronka zaila dute gorritxoek beraz, Kopako egungo txapeldunaren aurka. Esan bezala iluntzeko bederatzietan izanen da hitzordua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!