Elur kota 500 metrora jaitsiko da gaur Nafarroan

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 17a, 07:37

Lizarragako gaina, elurturik (Argazkia: Guaixe).
  • Arga eta Ega ibaietan uholde alerta horia ezarri du Ebroko Konfederazio Hidrografikoak
  • Nafarroako Pirinioetan elur pilaketagatik eta haize bolada indartsuengatik alerta laranja ezarri du AEMETek.

Elur kota 700 metrotik 500era jaitsiko da gaur Nafarroa Garaian, Aemeten iragarpenen arabera. Iturri beraren arabera, bihar 200 era jaitsiko da eta hartara Foru Erkidego osoan egin lezake elurra.

Bost zentimetro baino gehiagoko elur pilaketarengatik eta haize bolada indartsuengatik alerta laranja ezarri du gaurko AEMETek, Nafarroako Pirinioetan.  Bihar, alerta laranja hori Nafarroa erdialde osora zabalduko du.

Atzo elur zein euri prezipitazio ugari izan ziren Nafarroa osoan. Oparoenak, Goizuetan: 55 litro jaso zituzten metro koadroko. Lesakan 52 izan zituzten; Beran 50. Hori dela kausa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak uholde alerta horia ezarri du Arga eta Ega ibaietan.

Elurra ere gogotik egin zuen atzo Nafarroako ipar partean. Izaba, Erronkari, Auritz, Orreaga, Ezkaroze, Abaurregaina. Herri horietan guztietan elurra izan zuten. Izaban, konparaziora, 40 zentimetro. Elurrak Pirinioetako Autobidean eragozpenak eragin zituen. Burgi, Izaba eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen NA-137 errepidea itxi behar izan zuten, 47. Kilometrotik aurrera. NA-135 errepidean kateak beharrezkoak izan ziren Luzaidetik aurrera. Auritz eta Izaba arteko NA140an, 34. kilometrotik aitzina. Elurteak, halaber, argindar mozketa eragin zuen Orbaizeta, Orbara, Hiriberri, Izaba, Uztarroze eta Urzainkin, zazpi orduz. Joan eta etorrian ibili zen, berriz, Aezkoako gainerako herrietan eta Erroibarren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!