Barçak helegitea aurkeztu dio Kopako partiduan Osasunak eginiko salaketari

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 16a, 16:49
Osasunako kapitaina arerio batekin lehian auzia piztu zuen partiduan. Iturria: C.A. Osasuna

Gaztelu plazako erakundeak salatu zuen kataluniarrek bidegabe zelairatu zutela Geyse Ferreira jokalaria. 

Bartzelonak helegitea aurkeztu du astelehen honetan Lehiaketa Batzordean, Osasunak Kopako final-zortzirenetako partidan Geyse Ferreira aurrelari brasildarrak parte hartu zuelako eginiko salaketa dela eta.

Talde nafarrak argudiatu zuen brasildarrak ez zuela partidua legez jokatzerik, aurreko denboraldian Madril CFF taldean zegoela zelaitik egotzi baitzuten, Ferreirak jokatu zuen azkeneko Kopa partiduan. Txartel gorri horrengatik partidu bakarreko zigorra ezarri zioten eta horrenbestez, txapelketa berean bete behar zuen gaztigua. 

"Helegiteak aurrera egiteko aukerarik ez dagoela pentsatuko bagenu, ez genukeen aurkeztuko", azaldu diote EFE agentziari talde katalaneko iturriek, baina ez dituzte zehaztu nahi izan helegitearen oinarrian dauden argudioak.

Lehiaketa Batzordearen aurrean errekurtso horrek aurrera egingo ez balu, Osasunak aurrera egingo luke Kopako txapelketan, hau da, final laurdenak lehiatuko lituzke, nahiz eta jipoia jaso zuen (0-9) aurreko astean, partida bakarreko kanporaketan.

Kataluniako taldeak, KO txapelketaren azken sei edizioetatik bost irabazi ditu eta helegitea aurkezteko zuen epearen azken egunean aurkeztu du.

Orain Lehiaketa Batzordeak kasua aztertu eta ebazpena emango du aste honetan bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!