Parlamentuak Gaztela eta Leongo abortuaren aurkako neurriak gaitzestea oztopatu du Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 16a, 11:51

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzionalaren aurka bozkatu du eskuineko hirukoak.

Eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka Espainiako Gaztela Leonen izan daitekeen “murrizketa irmoki gaitzesteko” adierazpen instituzionala eraman dute PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra alderdiek gaurko Mahai eta Eledunen Batzordera. EH Bilduk aldeko botoa eman dio testuari; ez, ordea, Navarra Sumak. 

PPren eskakizunei men egin izana leporatu die Geroa Baiko Uxue Barkosek UPN eta Ciudadanos alderdiei. “Ulertezina zaigu”, adierazi du. 

Harridurarik ez dute erakutsi, berriz, PSNko Ramon Alzorrizek eta EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Nafarroan “ezagunak diren jarrera erreakzionarioak” direla iritzi dio Ruizek. Gogora ekarri duenez, duela hamar urte, UPNko Carlos Salvador diputatuak antzeko neurririk proposatu zuen Espainiako Kongresuan. Bat egin zuten Yolanda Barcina presidenteak egitasmoarekin. 

Alderdi subiranistako ordezkariak bezala, Navarra Suma Voxekin lerratu dela uste du Mikel Builek ere. Eskuinak emakumeen eskubideen aldeko adierazpenaren aurka bozkatu izana kritikatu du: “Bitartean Baietz soilik da baietz legearen eta Irene Monteroren aurkako beste bat aurkeztu dute. Ez dugu onartu, noski”.

Soilik aurkeztea “emakumeekiko tratu txar psikologikoa” dela adierazi du, halaber, Ezkerrako Marisa de Simonek.

Navarra Sumak "manipulazioa" egotzi die adierazpena aurkeztu dutenei: "Hipotesietan oinarrituta dago, eta zein zerikusi du Nafarroarekin?". Eskuineko hirukoak aurkeztu duen adierazpenaren beharra nabarmendu du Marta Alvarezek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!