Medikuen esklusibotasuna ezabatzea aurrekontu akordioarekiko desleialtasuna litzatekeela ohartarazi dio EH Bilduk gobernuari

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 16a, 11:38

Osasun Departamentuak osasun publikoan lan egiten duten medikuen esklusibotasuna kentzeko asmoa azaldu zien alderdiei, aurrekontuen negoziazioan. Orain, Sindikatu Medikuaren aldarrikapena da.

Nafarroako Gobernuko Osasun departamentua araudi moldaketa bat aztertzen ari da, osasun publikoan lan egiten duten medikuen esklusibotasuna ezabatzeko. Sindikatu Medikuaren aldarrikapenetako bat da, iragarri duten grebaren aurrean. Esklusibotasunaren ezabapenak alor pribatuan lan egiteko aukera emanen lieke 2.300 profesional ingururi, soldatan murrizketarik izan gabe.

Aukeraren aurrean, ezadostasun irmoa erakutsi du EH Bilduk. “Aurrekontuen negoziazioan planteatu zuten, eta beste talde batzuekin batera ezetz esan genion”, azaldu du Bakartxo Ruizek. “Esklusibotasuna kentzen badute Navarra Sumarekin izanen da, eta guretzako akordioarekiko desleialtasuna izanen da”. Parlamentari subiranistaren iritziz, neurriak ez du problemarik konpontzen osasungintza publikoan: “Osasungintzaren pribatuari eginen lioke mesede”.

Geroa Baik, berriz, gobernuaren argudioak entzun nahi ditu. Gaur gaurkoz, baina neurria ezabatzearen aurka daudela zehaztu du Uxue Barkosek: “Ezin da izan grebari aurre egiteko erreminta bat”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!