Uxue Barkos: “PSN berak elikatutako mamuen gatibu da”

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 13a, 13:28

  • Alderdi sozialista Mañeru Euskararen Legearen araberako Eremu Mistoan sartzearen aurka azaldu izana salatu du Geroa Baiko eledunak Euskalerria Irratian.
  • Legealdi honetako gobernu krisirik handienak sozialisten euskararen inguruko itxikeriak eragin dituela azpimarratu du: “Denborak argituko du PSN bazkide fidela izan den”.
  • Geroa Baik oraindik ez du argitu nor izanen duen zerrendaburu foru hauteskundeetan. Nolanahi ere, Barkos “koalizioaren esanetara” egonen da, “lanerako prest”.

Abenduaren 20an jakinarazi zuten Geroa Bai koalizioak akordioa erdietsia zuela maiatzeko foru eta udal hauteskundeetara aurkezteko. Geroa Sozialberdea alderdia lehendabizikoz tartean izateak ez ei du konplikazio gehigarririk ekarri: “Negoziazioak behar zen moduan behar zen momentuan egin dira, arazo berezirik gabe”.

Koalizioa orain zerrendak negoziatzen ari da. Beraz, oraindik ez da ofizialki zehaztu Uxue Barkos foru parlamenturako zerrendaburua izanen denetz: “Nik beti esan dut indarrez jarraitzen dudala, eta sinesten dudala proiektu honen eraginkortasunean eta indarrean. Koalizioaren esanetara egonen naiz, lanean segitzeko indarrarekin eta prest”. Haren helburua “koalizioa berriro presidentetzara eramatea da, gobernu aurrerakoi eta askotarikoa sendotzeko”.

Azken zortzi urteetan bere koalizioak izan duen garrantzia azpimarratu du Barkosek: “Esparru soziopolitiko bati erantzunez posible izan da instituzioetara iristea, eta horrek bueltarik ez duten hainbat aldaketa eragin ditu”. Barkosen aburuz, UPNk gobernutik at jada zortzi urte eramateak “berezibiko garrantzia dauka”.

Legealdi honi dagokionez, Nafarroako Gobernuaren jardueraren balorazio gazi-geza egin du Geroa Baiko eledunak: “Gauza batzuetan benetan pozik gaude eta erabat sinatzen dugu egindakoa; beste gauza batzuetan, aldiz, iruditzen zaigu PSN berak elikatutako mamuen gatibu dela”.

Horren adibidetzat Mañeru Euskararen Legearen araberako eremu mistoan sartzeko jartzen ari den trabak aipatu ditu. Gaineratu du datorren legegintzaldian euskara erdigunean jarri ahal izateko “gizartearen bultzada ezinbestekoa” izanen dela.

Barkosek aitortu du legealdian izandako gobernu krisirik larrienak PSNk euskararen aitzinean duen itxikeriak eragin dituela, bereziki Merezimenduen Dekretuaren eta Euskararen Plan Estrategikoaren kontura. PSN bazkide fidela izan den galdetuta, honako erantzun hau eman du: “Denborak argituko du”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!