Dena jokoan hasiko da eskuz binakakoaren bigarren itzulia

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 12a, 14:00
Etxeberria-Reztusta eta Jaka Aranguren bikoteak Labriten. Iturria: Baiko

Jaka-Aranguren eta Ezkurdia-Martija bikoteek puntuak batzen hasteko premia dute. 

Lehia luzea da eskuz binakakoa. Zazpina partidu dituzte aurretik bikoteek eta orduan erabakiko da zeintzuk  pasako diren zuzenean finalerdietara, zeintzuek jokatu beharko duten kanporaketa eta ze lau pilotari geldituko diren martxoan lehiatik at.

Bigarren itzulia hasiko da asteburu honetan eta Nafarroan bi partidu izango ditugu. Labriten lehiatuko dira Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren. Urdinez aterako den bikote hau azkena da sailkapenean puntu bakarrarekin eta perfekzioa beharko lukete txapelketatik at ez geratzeko. Aurrez aurre izango dute Laso-Imaz bikotea, sasoi onean azken aldian goranzko norabidean dena. Harmailetan giro bikaina espero da, ziur aski Lasoren alde egingo duen Labriten, baina gorriek ez dute lan erraza izango, Jakak eta Arangurenek partida guztiak lehiatzen dituztela erakutsi baitute eta behean egon arren sentsazio onak uzten ari baitira.

Buñuelen aldiz estutasunak ekidin nahi dituzten lau pilotari lehiatuko dira, hiruna puntu baitituzte bikoteek. Urrutikoetxeak eta Albisuk Peña II.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute, jokoan oso garrantzitsua den puntua lehian izango dutelarik. Berriozarko atzelari Mariezkurrenak aurreko jardunaldia galdu zuen eskuan min hartuta baitzegoen, baina aste honetan normaltasunez entrenatu da, eta orain arte erakutsitako ez ohiko maila kaxkarra ahazteko gogoz zelairatuko da Erriberan.

Zortzigarren jardunaldiari hasiera emango zaio Getarian dinamika oso desberdinak dituzten bi bikoterekin, Ezkurdiak eta Martijak puntuak behar dituzte, soilik bi baitituzte, eta Peio Etxeberriak eta Rezustak lau garaipen jarraian lortu dituzte. Julen Martijak azkeneko jardunaldia galdu zuen ere baina osatuta dirudi Etxeberrikoa. Irabazteko premia du Sakana eta Arakilgo bikoteak.

Elordi eta Zabaleta liderrek zortzigarren jardunaldiari amaiera eman diote Altuna III.aren eta Tolosaren aurka, sailkapenean ondo kokatuta dauden bikoteen arteko lehia izango da. Elordi-Zabaleta bikoak puntu guztiak batu ditu, aurkariek aldiz lau dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!