Txane Senar (LAB): "Hezkuntza ratioak jeisteko erabateko adostasuna aurkitu dugu alderdi politikoetan"

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 12a, 11:24

Elkarretaratzea egin dute hezkuntza arloko sindikatuek 2023-2024 ikasturterako ratioen jeitsiera eskatzeko. Alderdi politiko guztien babesa dute beraz orain, Gobernuaren borondatea da neurria martxan jartzea. Gela bakoitzean gehienez 20 ikasle biltzea proposatzen dute.

"Ratioen jeitsieraren beharra guztiok partekatzen dugun behar bat dela ikusi dugu" azaldu du LAB sindikatuko Txane Senar bozeramaleak, "Orain hezkuntza departamenduak erantzun bat eman beharko du".

Pandemia garaian ratioak jeitsi ziren, ikasgela bakoitzean ikasle kopuru txikiago bildu zedin, baina normaltasunarekin batera atzerapausua eman du hezkuntzak. "Sindikatuon ustez, beharrezkoa da ikasgeletako ratioak behingoz jeistea, horrek nabarmen hobetuko bailuke Nafarroako hezkuntza kalitatea" adierazi du Senarrek, "Ikasleendako gertuagoko harremana, hezkuntza laguntza premia duten ikasleendako arreta bermatu eta jaiotza tasaren jeitsieraren aurrean ikaslegelak zabalik mantentzea bermatuko du ratioen jeitsiera honek".

2023-2024 ikasturterako ratioen jeitsiera progresiboa aplikatzea eskatu dute LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE CCOO, ELA eta UGT sindikatuek, "Hauteskundeen ondoren osa daitekeen gobernua edozein dela ere". Horrela egiten ez bada, mobilizazioak antolatuko dituzte hezkuntza sistema osoan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!