Belaguako mendatea eta Lekunberri txirrindulari profesionalen helmuga izango dira aurten

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 11a, 08:02
Belaguan amaitu zen pasa den urteko Nafarroako Itzuliko etapa

Atzo aurkeztu zen 2023ko Espainiako itzuliaren ibilbidea eta lasterketak bi etapa lehiatuko ditu gure lurraldean sartuta. Mendiko etapa bat Belaguan eta ibilbide gorabeheratsuko beste bat Iruñetik Lekunberrira.

Etapa bikoitza izanen du Nafarroak 2023ko Itzulian, La Vueltan. Haietako bat gainera ez ohiko helmuga batekin. Irailaren 9an larunbatarekin, txirrindulariek mendiko etapa gogorra izanen dute gure errepideetan. Ziklistak Oloroe-Donamariatik irtengo dira, eta Zuberoan Murkhuillako Lepoa eta Larraine mendate luzea igoko dituzte. Gero, Lazako mendatetik pasatuko dira Erronkarira bidean, Belaguan gora joan aurretik. Pasa den urteko Nafarroako Itzulian probatu zuten helmuga hau eta aurten profesionalek izanen dute bukaera eski gunean. Ez da etapa erraza izanen, are gehiago kontutan izanda aurreko egunean Aubisque Spandelles eta Tourmalet igoko dituztela.

Hurrengo egunean ordean, irailaren 10ean, Iruñetik aterako dira txirrindulariak eta 156kilometroren ostean Lekunberrin izanen dute helmuga, Madotzeko igoera bitan egin eta gero. Ibilbide gorabeheratsu hau emakumezkoen Nafarroako Itzuliak probatu du aurreko urteetan eta oraingoan gizonezkoen lehiaketara pasako da. Hurrengo egunean, atseden jardunaldia izanen dute ziklistek.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!