OSASUNA 0 - 9 Barcelona

Osasunak helegitea aurkeztuko du, Barcelonak jokalari bat bidegabeki zelairatu zuelako

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 11a, 07:23

Atzoko partiduko une bat. (Argazkia: Osasuna).
  • Geyse Ferreirak txartel gorria ikusi zuen joan den denboraldiko Kopako azken norgehiagokan, eta zigorra betetzeko dauka.
  • Atzo, zelaian talde kataluniarra askoz gehiago izan zen nafarra baino: 9-0 gailendu zitzaien Kakun Maizen neskei.

Hogeita bost minutu iraun zuen Osasunaren Kopako ametsak. Sei mila zale jaitsi ziren Sadarrera, Kakun Maizen nesken eta Barcelonaren arteko Kopako final zortzirenetako kanporaketa ikustera. Norgehiagokaren hasieran talde nafarra txukun aritu zen defentsan, eta zelai erdian lapurturiko baloiak kontraerasoan ateratzeko baliatu zituen.

Alta, 25. minutuan, Bruna Vilamalak Barçaren lehen gola sartu zuen, Aitanaren pase bat baliatuz. Bost minutu geroago, Brunak berak bigarrena erdietsi zuen, area ertzetik, ezkerrez, jaurtiketa bikaina eginez. Atsedenaldirako bost minutu falta zirelarik, Maria Gonzalez aldea murrizteko zorian izan zen, langaren aurka jo zuen jaurtiketa baten bitartez.

Atsedenaldian Kakun Maizek zenbait aldaketa egin zituen Osasunaren hamaikakoan. Antzuak suertatu ziren; izan ere, Salma Palluelok berehala talde kataluniarraren hirugarren gola egin zuen, eta ordutik aurrera norgehiagoka oso maldan gora jarri zitzaion Osasunari, aurkarien golak herrenkadan iritsi baitziren. Geysek, Brunak eta Paralluelok bana egin zituzten. Jarraian, Aitana Bonmatik, Mariona Caldenteyk eta Aitanak ere bai.

Edonola ere, zelaian lortu ez zuena bulegoetan eskura dezake Osasunak; izan ere, helegitea aurkeztu du Barcelonaren aurka atzo Geyse Ferreira jokalaria bidegabeki zelairatzeagatik. Joan den denboraldiko azken Kopa partidan txartel gorria ikusi zuen, eta zigorra betetzeko dauka oraindik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!