Ametsa gozatu eta Barça garaitzeko erronka uztartuta zelairatuko da Osasuna

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urt. 10a, 13:52

5.000 zalek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko sarrera.

 

Emakumezkoen Osasunaren lehen taldeak futbolzale askoren ametsa dena beteko du astearte honetan: Bartzelona izango du aurkari, estatu mailan futbolaren jaun eta jabe, eta emakumezkoen futbolaren munduko talde handienetako bat. Barçaren espedizioa ere ez da Iruñera iritsi jokalari onenekin, baina partidaren testuingurua eta aurkariaren tamaina historiarako geratuko dira.

Errealitateak ilusioz beteriko talde bat islatzen du, Taxoarekoa, futbolean bakarrik aritu ezin diren jokalariak dituena. Aurrean kirol honetan profesional diren jokalariak izango dituzte Kakun Mainzen neskek. Baloia Sadarren mugimenduan jartzerakoan, gorritxoek superizar talde bat izango dute aurrean, nahiz eta Jonatan Giraldezen zazpi jokalari finko deialditik kanpo geratu diren.

Erronka zaila dute zalantzarik gabe Osasunako neskek.

Aurreko kanporaketan Huelvako Sporting kanporatzea lortu zuten Kakun Mainzen neskek, lehen mailako taldea ere dena, gaurkoan Barça ahalguztiduna izango dute aurrean. Hitzordua iluntzeko bederatziak laurden gutxiagoan izango da, eta Teledeporte kate publikoan emango dute telebistaz.

5.000 lagun inguruk hartu dute haien sarrera dagoeneko eta gaur partidua hasi bitarte salgai izanen dira Sadarreko txarteldegian. Klubak nabarmendu du, saldutako hiru sarreratatik bat bazkide ez diren zaleek erosi dituztela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!