Katedralean gotortuta puntua ebatsi du Osasunak

Iosu Ganuza Garcia 2023ko urtarrilaren 9a

Diego Morenok gaur egin du debuta Ligan. Iturria: C.A. Osasuna

Ligan lehen aldiz gizonezkoen taldearen partidu bat golik gabe amaitu da.

Husna amaitu da Athletic Club eta Osasunaren arteko euskal derbia. Puntu baliotsua batu dute gorritxoek zazpigarren postutik ez aldentzeko baina jokoan ez dira fin ibili. Landutako puntua ebatsi dute katedralean baina etxeko taldea nagusi izan da hasi eta amaiera arte.

Estatistika hutsak ezer gutxi adierazteko balio ohi du futbolean, baina partiduaren laburpena era zehatzean egiteko baliagarriak dira Athletic eta Osasunaren arteko partiduak utzitako datuak: %60ko baloiko jabetza izan dute Bilbokoek; 14 erpineko jaurtiketa etxekoek, gorritxoek bakarra; 13 jaurtiketa Athletic-ek (hiru soilik atera), bakarra Osasunak. 

David Garcia izendatu dute partiduko jokalaririk onena baina zalantzarik gabe salbatzaile Aitor Fernandez izan da, udan Taxoarera Levantetik iritsitako atezaina. Hiru gelditu bikain egin ditu atea hutsik mantentzeko. 

Partiduaren atarikoan Jagoba Arrasate entrenatzaileak adierazi zuen baloiaz zein baloirik gabe "gauzak oso ongi" egin behar zituztela bere gizonek, bada ez dira fin ibili ez batean zein bestean. Baloi asko oparitu dizkiete Athletic-en jokalariei eta zuzeneko jokoa ere ez dute jakin behar bezala defendatzen. 

Baloia erraz galdu dute etengabe Osasunako jokalariek, hala ere defentsa lanetan ahaleginak eta bi egin dituzte arerioaren aukera garbiak ekiditeko eta horrek husnakoa ahalbidetu du.

Partidu amaieran Aitor Fernandez atezainak Ligako telebistari gaztelaniaz esan bezala, "oso tematuta ibili gara defentsan erraztasunik ez emateko eta horrek erasoko jokoa urardotu du, nahiz eta puntua oso ona izan".

Osasunak ez du erasoan arriskurik sortu, baina azkeneko minutuetan buruz burukoa izan du Manu Sanchezek Simon atezainarekin, baina gutxigatik ez da iritsi behar bezala baloia jotzera Atletico de Madridek utzitako hegalekoak. 

Puntuaz gain azpimarratzea ere Diego Morenok debuta egin duela Ligan gorritxoekin, 90 minutuak jokatuta. 

Larunbatean Mallorca hartuko du gizonezkoen Osasunak Sadarren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!