Beste bi biktima identifikatu dituzte Baternaingo hobian, DNA bankuaren bitartez

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 3a, 13:45

Paternaingo hobia. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Julio Peña Diez eta Francisco Velaza Fernandez tren langileen gorpuzkiak berreskuratu dituzte.

Nafarroako Memoriaren Institutuak jakitera eman duenez, Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak Julio Peña Diez eta Francisco Velaza Fernandez identifikatzea lortu du, 2022ko uztailean Paternaingo hobitik ateratako gorpuzkien artean.

Francisco Velaza Castejonen jaio zen, 34 urte zituen, Soledad Fusterekin ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Julio Peña Santanderretik zetorren, ezkonduta zegoen eta Izquierda Republicanan militatzen zuen, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren datuen arabera. Biak trenbideko langileak ziren eta Iruñeko Norteko Geltokian egiten zuten lan.

Sei lagunekin batera, 1936ko abuztuaren amaieran atxilotu zituzten, Paternainera zeramatzatela, eta bi hobi komunetan hil eta lurperatu zituzten. Urte batzuk geroago, 1942an, hil zirela publikoa izan arren, Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de Españako langile gisa arazketa-espedientea jarraitu zitzaien, eta aldeko ebazpena eman zen; gauza bera gertatu zen duela aste batzuk Paternainen identifikatu zituzten Gregorio Albo eta Manuel Seronekin. Arazketa-espedienteen artxibatze horrek agerian uzten du haien aurka egindako akusazioek garrantzi txikia dutela, nahiz eta haien harrapatzaileentzat nahikoa izan ziren haien bizitzarekin amaitzea erabakitzeko.

Francisco Velazarekin eta Julio Peñarekin bost dira jada Paternaingo hobian identifikaturiko gorpuzkiak. Horrela, Gregorio Albo, Julio Butron eta Manuel Seronen aurrekoekin bat egiten dute. Guztira, matxinatuek 1936ko kolpe militarraren ostean izandako indarkeriaren 37 biktima identifikatu ditu Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!